Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpena onartu du Elgoibarko udalak

Barren 2024ko abe. 2a, 13:57

Euskararen Nazioarteko Eguna da abenduak 3a, martitzena, eta Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarrak egun horren bueltako adierazpena kaleratu dute. 

Azaroaren 26an egin zuten azaroko udalbatzarra, eta Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak adostutako testua izan zen udalbatzan aurkeztu, eta aho batez onartu zutena.
"Adierazpen horren bidez, jakinarazi nahi diegu herritarrei euskara sustatzeko lanean jarraituko dugula baina herritarrak ondoan behar ditugula, elkarlanean eraginkorragoa izango baita egindako lana", esan dute sustzaileek adierazpenaren harira. 

Adierazpena, osorik

Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna. Nazioarteari euskaldunok bizirik gaudela esateko eguna. Munduari euskaldunok bizirik iraun nahi dugula aldarrikatzeko eguna. Abenduak 3, gure euskaltasuna aldarrikatu eta euskaraz (eta euskararekin) ospatu eta gozatzeko eguna. Euskarak egiten nauelako NI; euskarak egiten gaituelako GU; euskarak egiten gaituelako euskaldun eta herri. 
Horregatik dihardugu Elgoibarren gure herria euskaldunagoa izateko herri-ahaleginean. Hala jardun zuten gure aurrekoek, eta hala dihardugu geuk ere. Euskaldun izan nahi dugulako. 
Euskara bada, horrez gainera, elkarbizitzarako eta gizarte inklusiboago eta kohesionatuagoa eraikitzeko tresna ere. Euskara nahiz euskal kultura mundu berri honetan sustatzeko ahalegina eginez, herriko hizkuntza eta kultura aniztasunari ekarpena egin nahi diogu, gizarte justu eta ekitatibo bat lortzeko. 

Orain arte egin dugunaren diagnosia…

Euskaldun izan nahi dugulako egin eta eragin dugu orain arte, eta azken 35 urteetako Elgoibarko euskalgintzak zer eman duen jakingo dugu laster, horretarako espreski gure herrian egingo den azterketa soziolinguistiko bati esker. 1990ean egin zen azken azterketa soziolinguistikoa Elgoibarren, eta harekin alderatuko dugu orain egingo duguna. Hartara, besteak beste, 35 urteko herri-lanak zer uzta laga duen jakingo dugu: zertan asmatu dugun, eta zertan ez;  zertan egin dugun aurrera, eta zertan ez.  

 …etorkizunean nahi duguna erabakitzeko 

Euskaldun izan nahi dugulako egingo dugu aurrerantzean ere, eta, horretarako, etorkizunean zer izan nahi dugun eta non egon nahi dugun aztertu eta erabakiko dugu elgoibartarrok 2025eko ekainera arte iraun eta 100 herritarrek baino gehiagok parte hartuko duten gogoeta-prozesu batean.  

Elgoibartarron eskutik!  

Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak pentsatutako lanak dira biak ala biak, baina bietan herritarrak izango dira protagonistak. Herritarren eskutik jakingo dugu 35 urteko euskalgintzak zer eman dion gure herriari, eta herritarrekin antolatuko ditugun elkarrizketa- eta kontraste-taldeetan erabakiko dugu non egon nahi dugun etorkizunean.  
Elgoibarko euskalgintzaren beste mugarri baten aurrean gaude, edo hala sinesten dugu guk behintzat. Argi dugu euskalgintza herrigintza dela, eta argi dugu, baita ere, Elgoibar hobe eta justuago baten alde dihardugula.  
Izango bagara, egiten eta eragiten jarraitu beharko dugu.   

Elgoibarko Udala eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea