Aurkeztu dute Euskaraldia ekimeneko Elgoibarko 11koa

Barren 2024ko aza. 30a, 14:30

Gaur eguerdian aurkeztu dute Elgoibarko 11koa Aita Agirre kulturguneko sarrerako aretoan. 

Euskaraldia ariketa sozialaren 4. edizioari Elgoibarren hasiera eman dion ekimena izan da, eta 75 lagun inguru bildu dira bertan.
Julen Ansola eta Miren Agirre izan dira ekimenaren aurkezleak, eta beraiek esan duten moduan, badator Euskaraldia! Badator, berriz ere, euskararen erabilera areagotzeko hainbeste eman duen ariketa nazionala. Badator gure hizkuntza ohituren gaineko gogoeta egitera gonbidatzen gaituen ariketa soziala. Badator Euskal Herrian eta Elgoibarren euskara gehiago egin eta entzuteko helburua duen ekimena, eta, zelan ez, badatoz, berriz ere, ahobiziak eta belarriprestak.
Ordubete inguru iraun duen aurkezpena izan da, eta 11koaren aurkezpena izan da osagai nagusia. Bideo bat ere eman dute, eta Aitor Novak bere musikarekin gozatu ditu bertan bildu direnen belarriak. 11koari ateratako argazkiekin eta mokadu txiki batekin eman zaio amaiera aurkezpenari. 

 

Hauek dira Elgoibarko 11koa osatuko duten hamaika lagunak: 

  1.  Maddi Arrieta Arrizabalaga: 19 urte ditu eta ingeniaritza ikaslea da. Denbora librean, berriz, musikaria. Euskaraz bizi da, eta berdin jarraitzeko asmoa eta gogoa dauka. 
  2. Imanol Arantzamendi Solozabal: Lehen hezkuntzako graduduna, euskal filologiako ikaslea, dantzaria eta euskal dantzako irakaslea da Imanol. Umea zela jaso zituen etxean euskara eta euskararekiko maitasuna, eta horregatik da euskara bere lehen hizkuntza. Euskaraz bizi da, bai etxean eta baita etxetik kanpo ere.  
  3. Jone Arriola Lobete: Zinemagilea eta gidoilaria da. Ikusentzunezko komunikazio graduan lizentziatua da eta Bartzelonan Zine Zuzendaritza masterra burutu zuen. Azken urte hauetan zinemagintzan lehen urratsak eman ditu hainbat proiektu propiorekin: ´Larrugorritan´, serie proposamenarekin, eta ´Dena Asmatuta Dago´ eta ´Hor Konpon´ film laburrekin.
  4. Mikel Olaizola Oñederra:  Irakaslea, guztiz geminis, herri hau transformatzeko borroka galdu askotan eta irabazitako bakarren batean urteetan ibilitakoa. 
  5. Iñigo Lariz AzkueKirolari elgoibartarra.  Gaztetan txirrindularitzan aritu bazen ere, mendiko lasterketetan emandako mailarengatik da ezaguna. Kilometro bertikaletan, adibidez, Euskadiko txapelduna izan zen, eta Espainiakoa hiru alditan. Elgoibarren, berriz, sei aldiz irabazi du Karakateko Igoera eta hamar bider Nahaste Borraste.
  6. Zelmar Etxegoien Ferreira: Uruguain jaio zen Zelmar, Montevideon, eta hango Euskalerria euskal etxean hasi zen euskara ikasten.  Doktorea da informatikan eta duela hamar urte etorri zen Elgoibarrera bizitzera; Gaindun egiten du lan.  Euskara ikasten jarraitzen du Tertuliak programari esker, eta saiatzen da dakiena  seme-alabekin praktikatzen. 
  7. Leire Leiaristi Guenaga: Leire Leiaristi, industria munduko ingeniaria da. Automoziorako neurrira egindako makina fabrikatzailea den Lanbi enpresako ingeniaritzako arduraduna da. Emakumea, familia ugari bateko ama, euskalduna eta euskal kulturaz harro dagoen elgoibartarra.
  8. Deñe Zabalo Zulaika: Euskara du ama hizkuntza Deñek, euskara, etxeko hizkuntza, eta euskara ogibide. Euskara maite du.
  9. Jose Luis Aldalur Aizpurua: Jubilatuen elkartetik dator Jose Luis, eta eraikin honek karga sinboliko handia dauka berarentzat. Duela 60 urte eraikin honetan zegoen eskolan derrigortuta egiten zuen gaztelaniaz. Gaur, berriz, Elgoibarko 11koaren parte delako dago hemen. Balioko al du orduko aho-gustu txarra kentzeko!  
  10. Juan Mari Martinez Lariz: Duela lau urte jubilatu zen Juan Mari, eta ´orain, zer egin behar dut?´ galdetu zion bere buruari. Erronka bikoitza jarri zion bere buruari: Santiagoko bidea egitea eta, gainera, euskaraz. Handik bueltan AEK-ra joan zen euskara ikastera, eta iaz 15 eguneko mendi-ibilaldi bat ere egin zuen euskara hutsean. 
  11. Rosa Mata Garate: Emakume arrunta; euskaltzale sutsua. Hitz gutxiko emakumea, baina  eguneroko ekintzen bitartez euskaltzaletasuna bizi duena. Berak bizi eta ingurukoei biziarazten saiatzen da.

Hamaikakoaren aurkezpen ekitaldia, irudietan:

Laugarren edizioa, estreinakoz maiatzean

Datorren urteko maiatzean izango da laugarrengoz egingo duten Euskaraldia. Orain arteko hiru edizioak udazkenean izan badira, laugarrena udaberrian izango da, maiatzaren 15etik 30era, udaberriaren beroa lagun dugula. 
Aurkezpenean eman duten bideoan datorrenez, “badakigu lehen edizioko ilusioak behera egin duela. Badakigu ekimenak indarra galdu duela. Badakigu ariketaren gaineko zalantzak daudela. Badakigu. Baina euskaldunok Euskaraldia behar dugu. Zergatik?", eta bost arrazoi eman dituzte. Honako hauek:

  • Euskara eta euskararen erabilera agenda eta iritzi publikoaren lehen lerroan jartzen  duelako. 
  • Kontzientzia linguistikoetan eragiten duelako.
  • Hizkuntza ohitura batzuk zalantzan jartzen dituelako.
  • Euskararen erabilera areagotzeko ariketa nazionala delako. 
  • Euskaraldia herrigintza da, elkarbizitza, justizia soziala,…  

Aurkezpenean gogora ekarri dute munduan ez dela sekula inon eta inoiz horrelako ariketa sozial masiborik egin hizkuntza baten erabilera areagotzeko. "Euskaraldia edota KORRIKA bezalako ekimenak gurean bakarrik egin eta bizi dira. Bere akats, muga eta ahulgune guztiekin, Euskaraldia behar dugu”.