Euskarara salto egiteko "babesa eta gonbidapena" izan nahi duten sokekin osatu dute Kilometroak25 ekimenaren irudi berria

Barren 2024ko aza. 29a, 20:06

Elgoibar Ikastolak antolatuta, 2025eko urriaren 5ean egingo duten Kilometroak jaiaren helburuak, leloa eta irudia aurkeztu dituzte, gaur iluntzean, Maalan egin duten jai giroko ekitaldian.

Ikastolatik Maalara Kilometroen lekukoa eskuz esku iritsi dela irudikatuz hasi dute ekitaldia, eta segidan Ikastolako ikasle, guraso, aiton-amona eta langile ugarik 2025eko Kilometroen logoa osatu dute denen artean eszenatoki gainean. Irudian sokak ageri dira, "begiratu batean zubiak ere badiruditen sokak, elkarren artean mugimenduan ageri direnak", zehaztu dute. Kilometroak25 ekimenaren irudi berria euskarara salto egiteko "babesa eta gonbidapena" izan nahi duten sokekin osatuta dagoela azaldu dute.

Euskarara salto elkarrekin egiteko sokak

Olatz Astigarraga Castañares Ikastolako Kontseilu Errektoreko lehendakariordeak (datorren urtean lehendakaria izango da) xehetu ditu ekimen honen helburuak: “2025eko Kilometroak jaia antolatzeko aukera gure herrian eragiteko baliatu nahi dugu: elkarlana eta euskararen erabilera areagotzeko lan egingo dugu”. Helburu bakoitzean sakondu du gero, eta hala azaldu du nola areagotu asmo duten euskararen erabilera: “Hizkuntza bat baino gehiago dakizkigunok aldiro hautatzen dugu zein hizkuntzatan hitz egin. Eta euskara, hizkuntza gutxitua eta gutxiagotua denez, horrek zaildu egiten du hizkuntza hautatzerako orduan, euskara jakinda ere, beti, denok, euskara hautatzea. Ba urte honetan, nahi dugu elkarri laguntzea euskara hautatzen. Nahi dugu denontzat ere errazagoa izan dadin euskarara salto hori egitea. Eta horretarako, lagundu egin beharko diogu elkarri. Elkarren babesean lortuko dugu salto hori egitea. Elkarri soka emanda, elkarri soka luzatuta”.

Arropa denda zabalik abenduaren 5ean

Iera Larrañaga Egiguren Kilometroak25 ekimenaren Ikastolako koordinatzaileak eman ditu ohar praktikoak, eta dagoeneko antolaketan parte hartzen ari diren kide guztiak zoriondu eta Elgoibarko Udalaren laguntza eskertu ostean, soinean jantzita daukan arropari egin dio lehen erreferentzia. Izan ere, eszenatokira igo diren kide guztiek ekimenaren arropa ekarri dute soinean, eta Larrañagak iragarri du abenduren 5ean zabalduko dutela denda. Elgoibarko Errosario kaleko 25. zenbakian egongo da. 

Soka saltoan elkarrekin egiteko erronka botata

Ekitaldiaren bukaera aldera ikasleek hartu dute eszenatokia eta erronka bota diete elgoibartarrei soka saltorako. Tik-tok eta antzerako sare sozialetan ohikoak diren challenge-n itxura guztia dauka erronkak, eta soka saltoan jardun dute bai, baina elkarri soka emanda, batek soka eman eta albokoak salto, erritmoz betetako Janus Lesterren Dap-dap kantuaren doinuan.

Ekitaldia, irudietan:

2025eko Kilometroak jairako Elgoibarko Ikastolak sortu duen logotipoa, eta beherago gaurko aurkezpen ekitaldian irudikatu duten logotipoa, salto-satoka leloa estreinakoz bistaratu dutenean.