Nualak mahai informatiboak jarriko ditu bihar Elgoibarren, Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunaren harira

Barren 2024ko aza. 29a, 14:03

Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna da abenduaren 3a, eta horren harira, bihar, zapatua, kalera irtengo dira Nuala elkartekoak, herritarrak informatzera eta materiala saltzera.

Aniztasun funtzionala duten pertsonen familiek eta lagunek osatzen dute Nuala irabazi asmorik gabeko elkartea, eta bihar, azaroak 30, kalera irtengo dira pertsona horiek eta haien ingurukoek bizi duten egoeraren berri ematera eta haien egoera berean egon daitezkeen familiei argibideak ematera. Mahai informatiboak jarriko dituzte Lekueder parkean, 11:00etatik 14:00etara bitartean, eta elkarteko boluntarioak haurrei aurpegiak ere margotuko dizkiete. Elkartearen materiala erosteko aukera ere izango da postu horietan. Aurreratu dute, motxilak, karterak... sortuak dituztela, bai eta kirola egiteko kamiseta tekniko berri bat ere. Horiek guztiak izango dituzte salgai, eta biltzen duten dirua bere proiektuak eta terapiak finantzatzeko erabiliko du Nualak. Inklusioaren alde dihardu lanean elkarte honek eta hainbat proiektu dituzte sortuta aniztasun funtzionala duten haur eta gazteentzako aukera berdintasuna ziurtatzeko, besteak beste, Kuadrilla gazteentzako aisialdi programa. Azaleko argazkia ere egitasmo horri dagokio.