Atzo arratsaldean hasi ziren Kalegoen plaza ingurua azokarako atontzen eta orduan sumatu zuten askok azoka bat antolatzekoak zirela, Elgoibarren ez baitute iragarri. BARRENek jakin ahal izan duenez, Mahats tabernaren bitartez ekarri dute "Elgoibar Medieval" izeneko azoka Elgoibarrera.
Postuak prestatzen aritu dira saltzaileak gaur goizean, 17:00etan egingo baitute azokaren inaugurazio ofiziala. Zapatuan eta domekan 10:00etatik 14:30era eta 17:00etatik aurrera egongo da martxan.
Azoka zabaldu eta gero, postuez gainera haurrentzako gunea eta artisau tailerra egongo direla jakinarazi dute antolatzaileek.
Musika, akrobazioak eta ipuin kontalaria
Azokak iraungo duen hiru egunetan hainbat saio eskainiko dituzte Ramalleira musika taldeak eta Grus Grus akrobazioa taldekoek. Malabareak, akrobaziak, dantza eta magia egiten dituzte euren kaleko ikuskizunetan.
Ramalleira gaita taldeak Galiziako musika tradizionala joten du, eta sari bat baino gehiago irabazi dituzte.
Eulali Moreno ipuin-kontalaria
Balmasedan bizi den Eulali Moreno elgoibartarra izango da azokako ipuin kontalaria. Pedagogoa eta logopeda da Moreno, eta 20 urtetik gorako esperientzia du haurrekin lanean. "Bere txotxongiloekin batera eta ipuinekiko duen pasioari esker, haurrei baloreak irakastean oinarritutako bere lanaz goza dezakegu", azaldu dute antolatzaileek.
Azokaren egitaraua: