Jai bat antolatu dute jolasgune berria zabaltzeko. 11:00etatik 14:00etara egingo duten domekan, abenduaren 1ean. Elgoibarko Udaletik inauguraziora autoz ez joateko eskatu dute eta elkarrekin oinez joateko ordua zehaztu dute: 10:00etan, Maalan.
Zume bizia landatu dute
Egunotan, zume bizia landatzen ibili dira jolasgune berrian. Garaion Natur Artea Elkarteak osatu du zume biziko jolasgunea, baina proiektuan parte hartu dute Elgoibar Ikastolako eta Herri Eskolako bosgarren mailako ikasleek. Lankidetzan asteak eman ondoren, bi ikasteetxetako ikasleek azaroaren 15ean aurkeztu zituzten beren proiektuak Udal Ludotekan egin zuten jardunaldi batean, eta bienekin bat egin zuten gero, diseinu bakar batera ekarrita. Hain justu ere diseinu hori da Garaion Natur Artea Elkartekoek gauzatu dutena.
Bestalde, Atxutxiamaikak, Kukulaisi elkartearekin elkarlanean, beste proiektu bat garatu du eremu bererako, lehenengoaren osagarri izan nahi duena. Hala, belaunaldien arteko harremanak sustatzeko espazio bat sortu dute inguru berean. Elgoibarren adin ezberdinetako herritarrekin gauzatutako parte-hartze prozesu baten emaitza izan da proiektua eta gunea bera herritar guztientzako "irisgarria eta abegitsua" izateko diseinatu dute.