Mariren Kobak Trail berezian hartu du parte Denis Saizek

Barren 2024ko aza. 28a, 12:06

Berezitasunez beteriko mendi lasterketa bitxia da Mariren Kobak Trail mendi-lasterketa. Bigarren edizioa jokatu dute aurten, eta hogei lagun aukeratu zituzten parte hartzeko, tartean Denis Saiz.

Mariren Kobak Traila proba berezia da oso, hainbat arrazoirengatik: orientazioak eta planifikazioak garrantzi handia dutelako, antolatzaileek azken momentura arte ez dutelako ibilbidea zein den argitzen; eta gainera, abentura euskal mitologiarekin eta mistizismoarekin lotzen dituelako, ibilbidean hainbat haitzulotatik igarotzeaz gainera Galtzagorriak, Momorrotxoak, Lamiak eta Mari eta Basajaun moduko hezur-haragizko pertsonaiekin egin zuten topo antxitxikariek. Eta badu azken berezitasun bat ere: hogei lagunek bakarrik parte har dezaketela. CATT Morkaiko talfdeko kidea den Denis Saiz izan zen parte hartzaileetariko bat, eta bere esperientziaren berri eman du. 

"Proba honetan parte hartu nahi dutenek eskaera egin behar dute eta Mari sorginak aukeratzen ditu partaideak. Aurten aukeratutako hogei lagunen artean izen handiko mendi lasterkariak egon dira, eta gero ni", azaldu du. Pozik da Iker Karrera, Genis Zapater, Zigor Iturrieta edo Pablo Angulo moduko saltakariekin lehiatzeko aukera izateagatik. Gizonezkoak ziren 19 eta Uxue Fraile izan zen parte hartzaile emakumezko bakarra.

Aurtengo lasterketan hiru haitzulo batzen zituen ibilbidea osatu behar zuten, mapa bat eta iparrorratza erabiliz, sakelekoak eta GPSak moduko teknologiak erabiltzea debekatuta zutelako. "Proba hasi baino 30 minutu lehenago jakinarazi ziguten zein ziren pasa beharreko hiru haitzulo horiek. Hori da proba honen berezitasun nagusia, itsu-itsuan joan ginela irteerara. Mapan gutxi gorabeherako ibilbide bat azaltzen zen, eta pasa beharreko koba guztiak markatuta agertzen ziren. Orduan jakin genuen 90 kilometroko eta 3.980 metroko desnibel positiboko ibilbidean lehiatu beharko genuela. Bidezidorrak hartu eta ibilbide hori laburtzen lagatzen ziguten arren, nahitaezkoa zen haitzuloetatik igarotzea", azaldu du. Koadrozko alkandora bat eta txerrikiren bat soinean eramatea zen antolatzaileek jarri zieten beste baldintza bitxietako bat.

Marizulo, Lezaundi eta La Leze haitzuloetatik igari ziren

Lasterketaren bigarren edizioa Txindokitik hasi zuten, Larraitzeko aparkalekutik, hain justu ere. Aralarko Marizulo, Urbasako Lezaundi eta Altzaniako La Leze haitzuloak igaro behar zituzten partaideek. Denisek bi haitzulotik igarotzea eta 60 kilometro egitea lortu zuen, baina Urbasan kanporatu zuten probatik, parte hartzaile ia denak moduan. Lubierriko haitzuloa nahitaezko pasabidea zen Urbasako kanpinean baimendutako hirugarren asistentzia-puntura iritsi aurretik. Puntu horretatik, Angel Garciak eta Pablo Angulok  bakarrik jarraitu ahal izan zuten, 16:00etako antolakuntzak jarritako mozketa pasata. A Coruñan bizi den Angel Garcia salamancarra izan zen Larraizko aparkalekua eta Zegamako plaza denbora epearen barruan -12 ordu- lotzea lortu zuen parte-hartzaile bakarra. Raidetan aditua da Garcia, 11 aldiz Espainiako raid txapelduna izana. Pablo Angulo getxoztarrak ere lortu zuen helmuga gurutzatzea, 12 ordu eta 59 minututan, 95 kilometro egin ondoren. Oraingoan denboraz kanpo iritsi arren, iazko edizioko irabazlea izanik, bi Mariren Kobak Trail osorik burutzea lortu duen pertsona bakarra da.

Probako irudiak antolatzaileek Instagramen duten kontuan:  marirenkobaktrail

Hona Goierri Irrati Telebista (GITB) toki komunikabidekoek egin duten laburpen-bideoa:

Angel Garcia La Lezeko haitzuloan, Mariren begiradapean. Arg: Antton Guaresti

Zigor Iturrieta Momotxorroak atzetik dituela Lizarragako gainean. Arg: Antton Guaresti

Denis Saiz, mapari begira.