'Euskelelea' antzerki musikatua, domekan Elgoibarko Herriko Antzokian

Barren 2024ko aza. 27a, 14:22

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Euskelelea antzerki musikatua antolatu dute domekarako (abenduak 1) Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika Sailak eta Inazio Bereziartua dantza eta musika eskolak, Elgoibarko Udalaren babesarekin. 

Enrike Solinís-en ideia eta instrumentu originalean oinarriturik, Juan Kruz Igerabideren ipuin eta hitz jolastiekin, Euskal Barrokensembleren doinu eta kantu ederrekin eta Irrimarrak sortutako irudi gozagarriekin irudimena airean eramango du Euskeleleak 3 urtetik gorako haur eta familiei eskainitako ipuin musikatu honetan, elkarrekin abestu eta gozatuz.

Inazio Bereziartua eskolatik jakinarazi dute Korunahia abesbatzak, Gaztenahia abesbatzak, eta 14 urteko dantzariek ere parte hartuko dutela ikuskizunean, Euskal Barrokensemble taldearekin batera. Guztira, 55 abeslari eta sei dantzari arituko dira oholtzan. Ikasleek ilusio handiz prestatu dute proiektua, eta dantzako koreografia asko  ere ikasleek eurek sortu dituzte.

3 urtetik gorako haur eta familientzako ikuskizuna da. 16:30ean izango da, Elgoibarko Herriko Antzokian. Sarrerak salgai daude herrikoantzokia.eus atarian. 

Sinopsia

Behin batean ari omen ziren laminak haritz ezpala batzuekin jolasean, harrizko pilotekin, harkaitzezko pareta baten kontra. Marik ezpala horietako bat hartu, barrutik hustu eta eta lau soka josi omen zizkion: soka bat lurrarentzat, marroia, beste bat urarentzat, urdina, beste bat haizearentzat, gardena, eta beste bat suarentzat, gorria. Horrela sortu ei zuen Euskelelea, bere kantuak laguntzeko musika-tresna aproposa, eta gerora munduan zehar zabalduko zena, lekuan lekuko izen eta musikak bereganatuz.