Gipuzkoako Igeriketa Federazioak aurreko denboraldiko kirolari hoberenei aitortza egin zien Gipuzkoako Igeriketa Galan. Hiru disziplinetako kirolariak saritu zituzten: igeriketakoak, igeriketa artistikokoak eta waterpolokoak. Igerilarien artean, errekorrak ezarri dituzten kirolariak saritu zituzten, eta horien artean zegoen Eibar Igerixan taldean diharduen igerilari elgoibartarra.
Bederatzigarren postua Espainiako Neguko Txapelketan
Espainiako Neguko Igeriketa Txapelketaren 67. ekitaldia jokatu zuten Madrilgo M86 Zentroan, azaroaren 14tik 17ra bitartean. Maila absolutuko igerilarientzako lehia izan zen arren, igerilari helduen arteko lehian primeran moldatu zen 15 urte dituen Paula Calvo. 138 igeriketa taldetako 718 igerilari lehiatu ziren txapelketan; 390 gizon eta 328 emakume. Eibar Igerixan taldeko ordezkari bakarra izan zen Calvo, eta hiru probatan lehiatu zen: 200 bizkar, 100 bizkar eta 100 libre. Bizkar estiloko 200 metrokoan lortu zuen emaitzarik onena. Hamabigarren postua lortu zuen 2 minutu eta 16 segundoko denbora eginda eta B finalerako sailkatu zen. Final horretan ia hiru segundoan ondu zuen aurrez eginiko denbora, eta 2:13.66ko denborarekin sailkapen nagusiko 9. postua eskuratu zuen. Bizkar estiloko 100 metrokoan 30. postuan sailkatu zen (1:04-05) eta 50. postua lortu zuen estilo libreko 100 metrokoan (59.11).