Duela urtebete sortu zuten Elgoibar Amatau Mobila taldea Elgoibarren LH6ko guraso batzuek eta sei bat hilabete geroago elkartea osatu zuen Elgoibarko guraso talde batek, Altxa Burua sarearen baitan. Bi helbururekin elkartu ziren: nerabeei sakelako telefono adimenduna ematea ahal den gehien atzeratzea, eta gailu horien erabilera egoki bat egiten irakastea. Geroztik buru-belarri ari dira herri kontzientzioa lantzen eta sareak eraikitzen. Teknologiaren erabilera egokia bultzatzeko eginahal honetan dagoeneko ibilbide bat egina duten beste zenbait herrirekin partekatzen dituzte kezkak, informazioa eta esperientziak. Altxa Burua Gipuzkoa sarera batu diren gainerako talde eta elkarteen antzera, herrian eragin nahi dute, baina hemen inguruko herrietan lanean ari diren beste taldeen eskutik beti, jakitun direlako Elgoibarko gazteen harreman-sarea ere ez dela herrira mugatzen. Horregatik da garrantzitsua Mendaron ere Altxa Burua taldea sortu izana elgoibartarrentzat, eta alderantziz. Era berean, Elgoibarko Udalarekin elkarlan estua dute Elgoibar Amatau Mobila elkartekoek, eta aitortu dutenez, lankidetza hori ezinbestekoa ari da izaten gaur arte egin duten guztian.
Gainerako herri gehienetan moduan, Elgoibarren ere pantailen inguruko formakuntza saio bat izan zen hasierako talde eragilea sortu eta herri mailarako sare bat josiko zuen lehen talde motorraren pizgailua, eta formakuntza horiek guztiak Udalarekin batera antolatu dituzte. Lankidetza horri esker jarri dute martxan Guria erabili zeinke egitasmoa ere. 8 eta 16 urteko haur eta nerabeei zuzendutako egitasmoa da, eta adin tarte horretakoen artean sakelako telefonoa edo erloju mobila erabiltzeko beharra murriztea du helburu. Herriko dendarien laguntzarekin jarri dute martxan Guria erabili zeinke egitasmoa, izan ere dendariak dira beren establezimenduetako telefonoak erabilgarri jarri dituztenak, haurrek eta gazteek behar dutenean erabiltzeko.
Baina bestelako ekintzak ere gauzatu dituzte aurten Elgoibar Amatau Mobila elkartekoek. Hasteko, proiektuaren berri eman zuten irailean Elgoibarko ikastetxeetan, ikasturte hasierako guraso bilerak baliatuta, eta pantailak segurtasunez erabiltzeko dekalogoa ere banatu zuten [herriko dendetan eskuragarri dago]. Elgoibarko Hezkuntza Mahaian ere aurkeztu zuten taldea, eta bi inkesta ere gauzatu dituzte. Lehen Hezkuntzako haurren gurasoek elkartearen helburuekin bat egiten ote zuten jakiteko zabaldu zuten lehenengoa, eta DBH1eko haurrek sakelako telefono adimendu propioa duten jakiteko, bigarrena. Mailaka eman dituzte emaitzak, baina bada ondorio bat nabarmentzekoa: batetik, gurasoen %80k erantzun dutela ez dutela aurreikusten seme-alabei eskuko telefono adimendunik erostea, baina bestetik, DBH1eko nerabeen %65ek telefono propioa daukatela.
Aurrera begirakoak
Elgoibarko gaztetxoak eta haien senitartekoak teknologia berriak modu egoki batean erabiltzen trebatzeko, ezinbestekotzat jotzen dute kontzientziazioan eragitea eta gazteen eredu izan daitezkeen guztiekin elkarlanean aritzea, eta premisa horrekin antolatu dituzte esku artean dituzten gainerako ekintza eta egitasmo guztiak. Sakelako telefonorik gabeko arnasguneak sortu nahi dituzte herrian, eta bide batez, etxeko erabilera ere zentzuzkoagoa izateko etxean mugikorrak gordetzeko kaxak egiteko tailerra antolatu dute, Gaztelekuak lagunduta. Gogoeta prozesu zabal baten baitan ulertu behar dira ekintza guztiak. Eta horretan jarraituko dute aurrerantzean ere. Formakuntza saioak, emanaldiak eta erronka gehiago antolatuko dituztela aurreratu dute, eta parte hartzera deitu dituzte Altxa Buruaren helburuekin bat egiten duten guztiak.
Elgoibar Amatau Mobila taldeak kanala dauka whatsappen https://chat.whatsapp.com/HL5TN50bvV2HZ74D9CSEFR eta Telegramen https://t.me/+2H7hOKJSbJQ5MWVk
Testuan aipatutako bi inkesten emaitzak, hemen, grafikoki: