ELKARRIZKETA

"Ogibidea baino gehiago, bizitzeko modua da musika niretzat"

Barren 2024ko aza. 22a, 10:57

Musikarien Eguna dugu gaur, Santa Zezilia eguna. Egun berezia izaten da musikarientzat, eta egun horren bueltan hainbat musika ikuskizun antolatu dituzte Elgoibarren eta Mendaron. Bihar, esaterako, Udal Musika Bandak Santa Zeziliako kontzertua emango du Herriko Antzokian. Kontzertu berezia izango da musikarientzat, eguna bera ere berezia delako. Juanma Saez (Elgoibar, 1964) izango da musikari horietako bat. 5-6 urte zituela hasi zen musika ikasten, eta berehala konturatu zen musikari izan nahi zuela. Musika du pasio eta ogibide. Musika irakasle izan da, Ertzaintzaren bandako tronboi joleetako bat izateaz gain, eta zuzendari lanetan ere badihardu azken urteetan. Elgoibarko bandako zuzendariordea da eta azkenaldian arreglista lanak ere egiten ditu. Abenduan hartuko du erretiroa, baina oraindik ez dauka musika lagatzeko asmorik. 

Noiz eta nola hasi zinen musika ikasten?   
5-6 urte nituela hasi nintzen musika ikasten Jose Ballerekin, eta gerora Txomin Mujikarekin ere makina bat urte egin nituen. Nik argi neukan musika ikasi nahi nuela, eta banekien musika nire bizitzaren parte izango zela. Kataluniako orkestra batean ere egon nintzen urtebetez Bittor Alberdi Patxillorekin. Bera aurretik iritsi zen hara, eta bere bitartez sartu nintzen ni. COU egiten ari nintzen institutuan, baina nik banekien ez nuela ohiko ikasketekin jarraituko; musika zen nirea, eta Bartzelonarako bidea hartu nuen. Handik bueltan, Donostiako kontserbatorioan sartu nintzen, eta goi mailako musika ikasketak egin nituen. 18 bat urte izango nituen orduan. Ikasketak Gasteizen bukatu nituen. Zorionez gurasoek errespetatu eta babestu zuten nire erabakia. Musikari izateak diziplina handia eskatzen du, eta ni gaztetan diziplinatua ez beste guztia nintzen. Musikak bide zuzena hartzen lagundu zidan.   

Gaur egun umeek instrumentuak probatzeko aukera izaten dute musika eskolan. Zuk nola aukeratu zenuen instrumentua?
Garai hartan ez zuen norberak aukeratzen normalean, eta ohikoena izaten zen bandan falta zen instrumentua jotzen hastea. Ni tuba jotzen hasi nintzen, bandan eta txarangan instrumentu hura falta zelako. Tuba instrumentu handia da eta ni altua nintzenez, hura egokitu zidaten. Hiruzpalau urtez aritu nintzen tubarekin, eta gerora tronboia aukeratu nuen.  

Ibilbide luzea egin duzu musikan, eta hamaika bandatan ibilitakoa zara han eta hemen kontzertuak ematen. 
Bai, musikari esker asko bidaiatu dut, eta agian hori izan da musikak erakutsi didan aurpegirik txarrena. Gizon altua naiz eta autobusez bidaiatzea oso gogorra egiten zitzaidan. Ertzaintzaren bandarekin Sevillako Expora joan ginen jotzera eta bidaia oso-oso txarra izan zen. Itzulerakoa hegazkinez egin nuen.     

Ertzaintzako bandan sartu zinen eta datorren hilean jubilatuko zara.   
Gasteizen ikasten ari nintzela sartu nintzen Ertzaintzaren bandan, eta bertan jarraitzen dut oraindik. Datorren hilean hartuko dut erretiroa, baina hala ere, jarraituko dut Elgoibarko bandan. Ogibidea baino gehiago, musika bizitzeko modua da niretzat, eta hau betirako da. Ertzaintzaren banda desagertzear dago, oso musikari gutxi geratzen gara, eta Ertzaintzak ez dauka banda indartzeko asmorik. 2007tik 2013ra eszedentzia hartuta Gasteizko Udalean egon nintzen lanean, baina murrizketak egin zituzten eta nire postua kendu egin zuten. Ertzaintzaren bandara itzuli nintzenean gainbeheran sartuta zegoen. Zuzendariak 2015ean baja hartu zuen eta ordutik ni nabil lan horretan. Elgoibarko Udal Musika Bandan zuzendari ordea naiz eta Gorka Mujikaren beharretara nago. Bilboko Udaleko musika bandan lan egiten du berak eta batzuetan ezin izaten duenez Elgoibarko musika banda zuzendu, neuk ordezkatzen dut.  

Bandan tronboia jotzea ala zuzentzea gustatzen zaizu gehiago?  
Musikarekin zerikusia daukan guztia gustatzen zait, dantzan egitea izan ezik! Armonia ikasketak ere egin nituen, eta kantuen arregloak ere egiten ditut. Konposatzea ere gustatzen zait eta talde askorentzako lanak egin ditut. Gasteizko eta Bilboko bandentzako konponketak egin ditut, Euskadiko orkestrarentzat ere bai, eta Elgoibarko bandarekin egiten ditugun emanaldi berezietako pieza gehienak ere neuk prestatzen ditut. Une honetan Durangaldeko orfeoiarentzako proiektu bat daukat esku artean. Fernando Urain Debako bandako zuzendaria da Durangoko orfeoiko zuzendaria, eta aspalditik ezagutzen dugu elkar. 83tik 85era musika eskolak eman nituen Deban eta nire ikaslea izan zen. Arrasaten ere eman nituen eskolak, eta gerora Eltziegon eta Labastidan ere bai. Baina irakasle izatea gogorra dela iruditzen zait, eta nahiago ditut beste lan batzuk. 

Santa Zezilia eguna da gaur, eta bihar kontzertua emango du Elgoibarko Udal Musika Bandak. Egun berezia da zuretzat?   
Bai, berezia izaten da, eta aurten gainera zapatuan emango dugu kontzertua. Beti egin izan dugu igandean, eta aurten desberdina izango da. Kontzertu ostean bazkaltzera joango gara guztiok elkarrekin. Giro oso ona daukagu bandan eta oso ondo pasatzen dugu.      

Elgoibarko musika bandak arrakasta handia dauka, eta ikusle asko biltzen ditu, bai Herriko Antzokian eta bai plazan ere. Zein da horren sekretua?  
Gipuzkoako eta Bizkaiko hamaika bandarekin jotzea tokatu izan zait urte hauetan guztietan, eta egia da denetan topatu dudala giro ona, baina Elgoibarko bandako kideen artean dagoena sekulakoa da. Adin desberdinetako jendea gaude, baina denok gara lagunak eta hori igarri egiten da, bai entseguetan eta baita emanaldietan ere. Musikarien jarrera bikaina da, eta beti gaude gauza berriak egiteko prest. Musika bandak berritzen jakin du, eboluzionatu egin dugu eta publiko zabalagoarengana iristen asmatu dugu. Antzokitik plazara irtetearekin bete-betean asmatu dugu. Azken urteetan kontzertu bereziak eman ditugu, eta oso ondo funtzionatu dute. Aurten Labastidako bandarekin ere egin dugu emanaldi berezi bat. Alex Sarduik Gatibuko kanta batzuk abestu zituen eta Ion Gurrutxagak Queen taldearenak. Hura ere oso ondo irten zen, eta ikusleak harrituta geratu ziren. 
Datorren urterako Gozategiren atzetik nabil. Zumarragako bandaren 150. urteurrenerako eskatu zizkidaten Gozategiren abesti batzuen arregloak egitea bandarako. 2019an egin genuen eta oso ondo geratu zen. Ordutik nabil Elgoibarren ere egin nahian, baina Gozategi oraindik plazak betetzen ari da, eta ez dakit formato hau beraien agendan sartzen den. Gustatzen zait konponketak egitea, konposizioaren lana interesgarria da, eta emaitza oso onak ematen ditu. Azken lana Gora Musikakoekin egin dudana izan da. Abenduaren 1ean estreinatzekoak dira ikuskizuna Bilboko Euskalduna jauregian, baina aurretik Elgoibarren egin genuen eta polita izan zen. 

Elgoibarrek badauka musikarako zaletasuna eta musika eskaintza zabala dago herrian. Alde horretatik, herri aberatsa dela esango zenuke?   
Bai, oso aberatsa da Elgoibar. Musikarako joera handia dago, eta iruditzen zait Elgoibarko jendeak lotura handia duela herriarekiko. Elgoibarko jendeari gustatzen zaio herriarentzako lan egitea eta bakoitzak daukan onena jartzen du herriari gauzak eskaintzeko. Beste herri batzuetan ez dut hori ikusten. Ni bandan nago, eta bereziki bandarena ezagutzen dut, baina bandaz aparte ere, eskaintza oso zabala dago herrian, gai desberdinetan. Bakoitzak bere artea besteen eskura jartzea gauza handia da. Hori guztia aberastasuna da, eta herriak funtzionatu egiten du. 
Mauxitxa txarangak ere oso ondo funtzionatzen du. Ez dauka bandarekin zerikusirik, baina funtzio garrantzitsua betetzen du herrian. Ni 20 bat urtez edo ibili nintzen Mauxitxan, eta oso ondo pasatzen genuen. Mauxitxa txaranga oso ondo antolatuta dago, serio hartzen dituzte entseguak eta lan ona egiten dute. Gure garaian desberdina zen; gaur egun askoz profesionalagoak dira txarangak.       

Jubilazioaren atarian zaude, baina erretiroa hartzeko asmorik gabe.   
Hala da. 5-6 urte nituenetik nabil musikan eta hau betirako da. Aurrerantzean, baina, lasaiago hartuko dut, ezin zaio beti erritmo berari eutsi eta. Musikariaren bizimodua gogorra da. Gatibuk ere taldea desegitea erabaki du orain, adinean aurrera doazelako eta bizitzako une batean familiak bestelako pisu bat hartzen duelako. Ezin da gaztetako erritmoan segi. Ni ez naiz damutzen ibilbide hau aukeratu izanaz, eta musikaz gozatzen jarraitzeko asmoa daukat. Elgoibarko bandan oso gustura nago, publiko fidela daukagu, eta niretzako kontzertuak ematea gozamena da. Elgoibarko herria bandaz harro dagoen modu berean, banda ere harro dago bere publikoaz. Musikariak azken batean publikoa gozarazteko gaude, eta hori lortzen dugun bitartean, hemen jarraituko dugu, musika eta artea zabaltzen.