Kalejiran joan dira Ikastolako umeak ikastolara, Santa Zezilia Eguna ospatzeko

Barren 2024ko aza. 22a, 09:46

Santa Zezilia Eguna da gaur, musikarien eguna, eta Elgoibar Ikastolako ikasleak kalejiran joan dira ikastolara. 

Kalegoen plazan zuten hitzordua 8:30ean, eta hantxe batu dira Elgoibar ikastolako ikasle, irakasle eta familiak. Ikastolan bertan sortutako txindata eta marakak eraman dituzte txikienek, eta nagusiek txirula eta norberak bere instrumentua jo dituzte. Bi kanta abestu dituzte han, eta gero, kalejiran joan dira ikastolaraino. Euritsu esnatu da eguna, baina eguraldiak errespetatu du kalejiraren tartea. 

Santa Zezilia Eguna dela eta, hainbat ekintza izan dira astean zehar herrian. Musika Eskolak antolatuta, talde instrumentalen eta koruko ikasleen emanaldiak egin zituzten astelehen eta martitzenean. Atzo, kalejiran irtetekoak ziren Betisua txaranga eta Korunahiako gazteak, baina euriaren ondorioz, Aita Agirreko arkupean egin zuten kantaldia. 

Bihar, bestalde, Elgoibarko Udal Musika Bandak Santa Zezilia Eguneko kontzertu berezia emango du Herriko Antzokian, 13:00etan. 

 Zuzendaria: Gorka Mujika. 


1. Campanas de la sagrada familia (Satoshi Yagisawa).
2. Sol de la tarde. (B. Adam Ferrero).
3. Dutch masters suite. (Johan de Meij)
• La ronda de noche (Rembrandt)
• Carta de amor (Vermeer)
• Día del Príncipe (Steen)
4. La gran puerta de Kiev. (M. Moussorgsky).