Frantzisko Martin Krutzelaegi konpositoreari buruzko hitzaldia, gaur

Barren 2024ko aza. 21a, 13:27

Frantziskotarra, konpositorea, organista eta organo-zaharberritzailea izan zen Frantzisko Martin Kruzelaegi elgoibartarra (1742-1803), Mexikon erroak bota zituena, eta hari buruzko hitzaldia emango du Elgoibarren gaur, Alonso Hernandez Prado doktoreak. Musika eskolako auditoriumean izango da hitzaldia gaur, 19:00etan.

Martin Kruzelaegiren konposizio batzuk ere entzun ahal izango direla aurreratu du Pello Arrieta historialariak. Hernandez doktoreak  Frantzisko Martin Kruzelaegik Mexikon izan zuen garrantzi artistiskoaz hitz egingo du nagusiki, baina baita haren konposizioen estiloaz ere, Mexikoko ondare kulturalaren parte baitira.

Alonso Hernandez Prado, berriz, izen handiko musikari eta ikertzailea da. Mexiko Hiriko Musika Kontserbatorio Nazionalean kontrabaxu jotzaile gisa titulatu zen eta musikako maisutza ikasi zuen Yale Unibertsitaten, diploma graduatua Bostongo New England Conservatoryn, arte doktoretza Guanajuatoko Unibertsitatean eta doktoretza ondoko egonaldia egin zuen gero Cenid - Conachyten. Hamabi urtez Queretaroko (Mexiko) Orkestra Filarmonikoko kontrabaxu jotzaile nagusia ere izan zen eta gaur egun denbora osoko irakaslea da Queretaroko Unibertsitate Autonomoan, Conachyteko Ikertzaileen Sistema Nazionaleko lehenengo mailan eta musika pedagogiako master amaierako lanen aholkularia da Errioxako Nazioarteko Unibertsitatean (Espainia). Egun, doktoratu ondoko egonaldia egiten ari da, Jaengo Unibertsitatean (Espainia).