Elgoibarko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak udalerrian etxebizitza publikoa sustatzeko konpromisoa adostu dute, Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuorde Miguel de los Toyos eta Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendari Pablo Garcia Astrainek Maialen Gurrutxaga alkatearekin egindako bileran. Proiektu hori bi modalitatetan banatuko dela zehaztu dute: agindu dute 14 zuzkidura-bizitoki egingo dituztela anbulatorioko eraikinean gazteentzat, eta beste 14ak alokairu babestuko etxebizitzak izango direla, Eulogio Estartan. Udaletik jakinarazi dutenez, ekimen honek herritarren profil desberdinetako bizilagunek etxebizitza eskuratzeko dituzten premiei erantzun nahi die, baina batez ere gazteen beharrei erantzun nahi die, haiek baitira emantzipatzeko zailtasun handienak dituztenak. Elgoibarko alkateak jakinarazi du hainbat bileraren emaitza izan dela akordioa.
EH Bildurentzat albiste ona, baina ez nahikoa
"Etxebizitza politika publikoaren inguruan urteetan Elgoibarren ezer egin gabe egon ostean" EH Bilduk esan du albiste ona dela hau herriarentzat, baina hala ere, ez dela nahikoa. Etxebizitzaren arazoari "sakon" aurre egingo dion epe luzerako "plan kuantifikatu eta periodifikatua" eskatzen dute, legeek ahalbidetzen dituzten aukera guztiak erabiliz. EH Bildurentzat herriko etxebizitza politika sendo baten helburua merkatuan eragitea da, Elgoibarko etxebizitzen prezioak jaitsiz, etxebizitzarako eskubidea bultzatzeko.