“Aketegiko Mari, alpinismoa eta mitologia uztartzen” dokumentala emango dute gaur, (19:00), Aita Agirre Kulturgunean. Koke Lasa Berasategi mendizale ormaiztegiarrak ondu duen ikus-entzunezko lan honek Euskal Herriko paisaia ederrez gozatzeko aukera ematen du, baina “ezohiko begirada” bat erabilita, egileak zehaztu duenez. “Ez da mitologia edo alpinismoari buruzko emanaldi soila, Mariren eta gazte batzuen arteko kontakizun bat baizik. Aspalditik mugitu gara Aizkorrin, neguan batez ere, bertako kanal eta korredoreak igotzen. Bagenekien Mariren haitzuloetako bat hor zegoela eta bururatu zitzaidan lotura bat egin zitekeela kontakizun bat asmatuz", azaldu du Lasak. Mendizale gazte batzuk Aizkorrira joaten dira, eta Aketegi inguruan laino zuri bat ikusten dute. Adineko mendizale batek esaten die kea dela eta Aketegiko haitzulotik ateratzen dela. Marik labea piztuta daukala eta ogia egiten ariko dela. Kontakizun horretatik abiatuta, Mari aurkitzeko ahaleginean, leku ezberdinetara joango dira, besteak beste, Txindoki, Murumendi, Anboto, Itxina, Aloña, Putterri… Orduerdiko dokumentala da.