Trenaren aldeko Borroka Astearen barruan Altzolako tren geltokiaren aldeko ekitaldia egin zuten zapatuan, eta hainbat erakundetako ordezkariak bildu ziren, garraio publikoari eta bereziki, trenari buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko. Garraio publiko, sozial eta iraunkorraren alde. Lurraldea egituratu eta planeta hozten duen tren baten alde lelopean, gizarte talde desberdinetako 40 bat lagunek hartu zuten parte. Besteak beste, Klimaren aldeko Aliantza, Tren Publiko, Sozial eta Jasangarriaren aldeko Estatuko Koordinakundea, Sagarrak Ekologista Taldea, Ekologistak Martxan, S. F. Intersindical, C.C.O.O. eta C.G.T. Hizlariek, trenbideak karbono-isurien murrizketan duen eragin positiboa, udalerriak lotzeko duen gaitasuna eta garraio-eredu inklusibo bat eraikitzeko duen funtsezko eginkizuna nabarmendu zituzten, besteak beste.
Bertaratutakoek Altzolako tren geltokiaren egoera bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten. Topaketaren bidez agerian utzi zuten altzolatarrek gero eta kezka handiagoa dutela, f"untsezko azpiegiturak" desagertzeko arriskuan direlako. Gaztañerre ospakizunarekin amaitu zuten eguna, eta umeentzako puzgarri bat ere egon zen.