Elgoibarko Emakume Feministen Asanbladak indarkeria matxistaren testigantzak jaso ditu, eta azaroaren 24tik abenduaren 1era jarriko ditu ikusgai Maalan. Testigantza horiez gain, hainbat datu ere bildu ditu eta inkesta bete duten emakumeen %100ek esan dute noizbait indarkeria matxista jasan dutela, eta horietatik %61k gainera, unean bertan gertatzen ari zenaz kontziente zen. Eraso gehienak begirada lizunak izan dira (%78,6) eta baimenik gabeko musuak jaso izana ere salatu dute %71,4k. 34 lagunek bete dute inkesta.
AZAROAK 25
Azaroaren 25a indarkeria matxistaren kontrako eguna da eta kontzentrazioa egingo dute astelehenean, Kalegoen plazan. 19:00etan izango da eta segidan manifestazioan irtengo dira herrian zehar. Horrez gain, emakumeentzako autodefentsa tailerra egingo dute bihar Olaizaga kiroldegian. Ongarrirekin lankidetzan, bestalde, La virgen roja filma emango dute Herriko Antzokian eguaztenean, eta barikuan, kafe tertulia egingo dute Loredi Salegik gidatuta, Lilan.
Mendaron ere kalera aterako dute bihar indarkeria matxistaren kontrako aldarria. Tratu Onen Aldeko Emakume Taldeak, Mendaroko Gazte Asanbladak eta Debabarrenako Itaiak indarrak batu eta egun osoko egitaraua antolatu dute: Murala margotuko dute 11:30ean frontoi atzeko horma batean, eta eguerdian elkarrekin bazkalduko dute. Arratsalderako zine-forum saioa antolatu dute: Ellas hablan filma proiektatuko dute jubilatuen ondoko lokalean.