Larrialdiak kudeatzeko ikastaroa emango du Urbizik azaroaren 28an

Barren 2024ko aza. 13a, 14:13

Iaz egin zuten ikastaroko irudia. URBIZI.

Larrialdi egoera batean bizitza bat salba dezaketen teknikak eta jakin beharrekoak irakatsiko dituzte azaroaren 28rako antolatu duten Larrialdiak kudeatzeko ikastaroan. 

Heimlich maniobra, bihotz-biriketako suspertzea edo oinarrizko bizi-euskarria nola erabili erakutsiko dituzte. Azken horrek, oinarrizko bizi-euskarriak, biziari eustea eta izan daitezkeen ondorioak ahalik eta txikienak izatea helburu duten jarduketen multzo bati egiten dio erreferentzia. Hortaz, barnean hartzen ditu honako alderdiak: hil edo biziko urgentzia-egoera identifikatzea, larrialdi-zerbitzuei abisatzea eta BBBrako teknikak aplikatzea.

Ikastaroan parte hartzeko ez dela aldez aurreko ezagutzarik behar zehaztu dute antolatzaileek, Urbizi urpekaritza klubak, Elgoibarko Udalak eta kirol patronatuak. Doakoa izango da, baina hamabost lagunentzako plazak dituztela ohartarazi dute. Izena emateko bidali mezu bat urbiziurazpikoelkartea@gmail.com helbidea edo jo Olaizaga kiroldegiko harrerara.

Azaroaren 28an egingo dute ikastaroa, Olaizaga kiroldegian, 19:00etatik 21:00etara bitartean.