Hausnarketa saioa, zinea eta ipuinak, azaroaren 25aren harirako egitarauan

Barren 2024ko aza. 11a, 16:51

Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren inguruan egitarau zabala prestatu dute Elgoibarko hainbat eragilek elkarrekin. Horren barruan, aste honetarako, hausnarketa saioa, zine emanaldia eta helduentzako ipuin kontaketa saioa iragarri dituzte.

Azaroaren 25ean ospatuko den Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, egitarau zabala prestatu dute Elgoibarren, "genero-indarkeriaren arazoa ikusarazteko eta herritarrak sentsibilizatzeko" asmoarekin. Elgoibarko Udalak herriko hainbat eragile eta elkarte izan ditu lagun antolakuntzan, besteak beste, Lila, Haizea, Almaur, Ongarri Zine Kluba, Olaizaga Kirol Taldea eta beste laguntzaile batzuk. Urriaren 27an hasi zituzten jarduerak, Belen Capape aditua harreman osasuntsuen inguruan ematen ari den tailerarrekin. 
Aste honetan, berriz, honako ekitaldiak izango dira:

Hausnarketa saioa, Lilan

Xantaia emozionalari buruz berba egin eta hausnartzeko saioa gidatuko du Loredi Salegik Lilan, Elgoibarko Emakumeen Etxean. Eguazten honetan, azaroaren 13an, izango da saioa 18:00etatik 20:00etara.

Crossing filma, zineklubean

Zine klubeko emanaldia. Ongarri Zine Klubak antolatzen dituen emanaldien barruan Crossing filma emango dute Herriko Antzokian. Eguaztenean (azaroak 13) izango da, 21:00etan. Jatorrizko bertsioan emango dute Levan Akin zine zuzendari suediarraren pelikula. Fikziozko lanen kategorian lehen saria eskuratu berri du lan honek Zinegoak-en, Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdian. 
 Honakoa da filmaren sinopsia: Lia 72 urteko historiako irakasle erretiratua da, eta Batumin bizi da, Georgian. Zorrotza da, eta erraz gaitzesten ditu onartu ezin dituenak. Ezkongabea da, eta duintasunak eta printzipioek gidatzen dute haren bizitza. Lia bere ilobaren bila dabil; Tekla izeneko trans emakumea da hura. Hilzorian zegoen ahizpari hitzeman zion alaba aurkitu eta etxera ekarriko zuela bueltan. Itxura guztien arabera, Teklak Turkiako muga zeharkatu zuen, eta Istanbulen bizi da. Bilaketan, Liak Achirekin egingo du topo. Ikasle ohi baten anaia da Achi, besteen bizkar bizi den gazte tonto xamarra, eta Liarekin joan nahi du Istanbulera. Tekla non dagoen badakiela eta turkiarrez eta ingelesez mintzatzen dela esanez argudiatuko du harekin joateko nahia. Horrela, bikoteak Istanbulerako bidaia hasiko du, bilaketan lagunduko duten pertsonaia anitzekin egingo dute topo bidean, eta, galdutako emakumeari buruz gehiago jakiteko ez ezik, beren buruak hobeto ezagutzeko ere balioko die bidaiak.

Dorleta Kortazar ipuin kontalariaren saioa

Ispiluak izeneko ipuin kontaketa saioa emango du Dorleta Kortazar (Eskoriatza, 1974) ipuin kontalariak Elgoibarko Gotzon Garate udal liburutegian, azaroaren 14an, 19:00etan. Ispiluan beren buruari begiratu eta beste aldera gurutzatzeko ausardia izan duten emakumeen istorioek osatzen dute Ispiluak. Gezurra, bortxa, mesfidantza eta beldurra gaindituz, estutzen dituzten loturetatik askatu eta zigorrak zigor, basoan aurrera egitea erabaki duten emakumeak dira guztiak. Kortazarrek sari bat irabazi zuen iaz lan honengatik, Helduentzako Kontalaritza Sorkuntza Sarietan. 

Egitarau osoa, hemen: