Markinako marmol beltza erabili du eskultura egiteko, Kultur Etxe aurrean dituen bi eskulturak (emakumea eta gerlaria) ere Markinako harri horrekin eginak dtu. Laza herriko plazan dagoenak 2.000 kilo pisatzen ditu, eta 1,50 metroko altuera dauka. Gabardina jantzita, esku batean mediku maletatxoa daraman eta beste eskuarekin kapelari eusten dion medikua irudikatu du.
Uztailean egin zion enkargua Galiziako Medikuen Elkarteak. Bospasei urte zeramatzan eskultoreak tamaina handiko lanik egin gabe, baina lan interesgarria iruditu zitzaion. Lazatik 50 bat kilomtrora, Allariz herrian duen etxean harrizko bi bloke handi zituen Andradek, eta haietako bat aukeratu zuten arduradunek obra egiteko. Urriaren 26an inauguratu zuten.
Andradek ekitaldi xumeagoa espero zuen arren, Laza udalerriko ordezkari nagusiek, Mediku Galiziarren Elkarteko (Asomega) eta Mediku Orokorren eta Familia Medikuen Galiziako ordezkaritzako (SEMG) ordezlkariek parte hartu zuten inaugurazio ekitaldian, proiektu hau sustatu duten erakundeek, alegia; bai eta Miguel Angel Santalices Galiziako Parlamentuko presidenteak ere. Landa-medikuek egiten duten lanari aitortza egin zioten gaita doinuek girotu zuten inaugurazio ekitaldian..
Eskultura gehiago Galizian
Arturo Andraderen eskultura gehiago ere ikus daitezke Galizako toki desberdinetan. Brontzez egindako idi baten eskultura itzela dauka Allarizen, Elgoibarren bizi diren galiziar ugariren sorlekua den herrian. Irudiak 800 kilo pisatzen ditu, eta tamaina naturalean egin zuen Andradek, Elgoibarren duen fundizio tailer txikian. Allarizen ekainean ospatzen duten Festa do Boi jaia irudikatzen du eskulturak. Era berean, A Coruñako Herkulesko Dorrearen inguruan ere bada Andraderen beste eskultura multzo bat. Granito galegoz egindako hiru eskultura dira: marinel bat, gerlari bat eta emakume bat. Galizia denaren ipar-mendebaldean bizi zen Artabroen gizarteko hiru zutabeak zirenak irudikatzen ditu artelanak egilearen hitzetan.