Sallobenteko etxeak ur-sare orokorrera batzeko lanak 2025ean hasiko dituzte

Barren 2024ko aza. 5a, 15:33

Hurrengo urteko udal aurrekontuetan 400.000 euroko diru partida bideratuko du Elgoibarko Udalak Sallobente-Ermuaran auzoko etxeak ur-sare publikora batzeko.

Lan horien lehen zatia 2025ean egitea aurreikusten dute udal agintariek, eta 2026an izango lukete jarraipena. Maialen Gurrutxaga alkateak aurreratu duenez, Azkueko baserriak ere bigarren fase horretan lotuko dituzte ur sare publikora. Izan ere, egun ur sare publikotik kanpo daude aipaturiko bi auzoetako etxebizitzak eta baita Arriaga eta Urruzuno auzoetakoak ere. Iturburuetako eta putzuetako urak hartzen dituzte orain. Arriaga eta Urruzuno auzoak izango dira ur sare orokorrera batuko dituzten azkenak, Azkuekoen ostean. Zehaztu behar da, horretarako aukera dutenean baserriek erabaki beharko dutela ur sare-publikora batu ala ez, orain arte egin izan duten moduan. Gurrutxagak azpimarratu duenez, Elgoibar da auzoetan ur-estaldura handiena duen Debabarrena eskualdeko udalerria. "Hala izanik ere, auzo eta baserri guztiak ur sare orokorrera batzeko lanean jarraituko dugu datozen urteetan ere, eta asmo hori sustatzeko bilerak egin ditugu Aldundiarekin eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioarekin, eta hasiak gara lanak gauzatu ahal izateko proiektuak idazten ere", adierazi du.

Udalbatzarraren Osoko Bilkuran ere landu zuten gaia, joan den urriaren 29an. Landa auzoek ur sare publikora duten sabidearen inguruko mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk. Elgoibarko baserrien erdiak baino gehiago sare publikoara lotu gabe daudela gogora ekarri zuen koalizioak. "Sallobente, Azkue, Arriaga eta Urruzunoko auzotarrak behartuta daude iturburuen bidezko ur hornidura sistema erabiltzera. Arazoa larriagotu egiten da lehorte edo euri gutxiko denboraldietan, bertako ur putzuak eta iturburuak ez bait dira nahikoak une horietako ur premiei erantzuteko, eta euri asko egiten duen garaietan, ura lokatzez zikintzen denean, ura baldintza egokietan ez egotearen ondorioz, bizilagun horiei osasun arazoak eragin diezaiekete", azaldu zuten. Joan den maiatzean Sallobenteko bizilagunekin batu zirenean "lehentasunez" konpondu beharreko azaroa zela jakinarazi zieten. Sallobente, Arriaga Azkue eta Urruzuno auzoak ur sare publikora batzeko plana bat garatzea eta 2025eko aurrekontuetan jasotzea eskatzen zuen EH Bilduk Mozioan, baina ez zuten onartu. Aldiz, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako kontramozioa onartu zuten osoko bilkuran.

EAJk landa-eremuetako bizi-kalitatea hobetzeko konpromisoari eusten diola adierazi du, ur-hornidura sarea zabaltzera eta tokiko ekoizleak babestera bideratutako proiektu ezberdinak martxan jarriz. Legegintzaldi Planaren barruan "Gureari Leialak" estrategiaren parte direla zehaztu dute. "Azken urte eta erdian, EAJ-PNV eta PSE-EEren gobernupean dagoen Udalak 400.000 eurotik gora inbertitu ditu landa-bideak hobetzen, auzoetako jaiak indartzen, hainbat kanpainaren bidez ekoizleak babesten eta Auzotaxia zerbitzua martxan jartzen. Ahalegin horiek Elgoibarko Udal Gobernuaren landa-auzoen garapenarekiko konpromisoa islatzen dute, konektibitatea eta oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea bermatuz". 
Ur-hornidura sistema hobetzearena legealdiko proiektu garrantzitsuenetariko bat izango dela diote jeltzaleek. "Aurreko legealdietan, baserritarrekin lankidetzan, Idotorbe eta Aiastia auzoetako baserri gehienetara ura kanalizatzea lortu zen, baita Urruzuno eta Arriagako hainbat eremutara ere". 

Tokiko produktuak saltzeko espazioei buruzko diagnostikoa

Landa-eremuetako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko bitartekoak jartzea dela euren helburua azaldu du EAJk, "erakundeen arteko lankidetzaren bidez, baliabideak modu eraginkorrean eta guztion mesederako erabiltzen direla bermatuz". Asmo horiek gauzatzeko urtero 200.000 eurotik gora bideratzen direla landa eremuak hobetzeko lanetara gogora ekarri dute. Ildo beretik, EAJ-PNV Udal Taldea tokiko produktuak saltzeko espazioei buruzko diagnostiko bat lantzen ari dela jakinarazi dute, egungo eta etorkizuneko beharrei buruzko ikuspegi bat izateko helburuarekin. Horretarako, hurrengo urteko aurrekontuetan 15.000 euroko partida bat gordeko dutela aurreratu dute. "Horregatik osoko bilkuran, Udal Gobernuak talde politiko guztien lankidetza eskatzen du proiektu hauek dagokion aurrekontu eta proiektuetan hitz egin eta adostasunerako bidea zabaltzeko".