Udazkeneko elikagai bilketarako boluntarioak behar dira

Barren 2024ko aza. 18a, 15:52

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak janari bilketa egingo du azaroaren 22an eta 23an, eta Elgoibarko Udalak eta Gurutze Gorriak bat egin dute deialdiarekin. 

Horretarako, boluntarioak behar dituzte, eta herritarrei dei egin diete janari bilketan parte hartzera. Txandak antolatuko dituzte, eta boluntario kopuruaren arabera zehaztuko dituzte ordutegiak eta saltokiak.

Laguntzeko prest daudenek 943 741 050 telefonoan eman dezakete izena, edo Herritarren Arreta Zerbitzuan (Santa Ana, 2, behea). Arduradunek gogoratu dute boluntarioen lana ezinbestekoa dela kanpaina hauek gauzatu ahal izateko. Udazkeneko kanpaina honetan Eroski, BM, Mercadona eta Alcampok hartuko dute parte, eta elikagaiak nahiz bonuak emateko aukera egongo da. 

Hona boluntario lanari buruzko hainbat xehetasun:

  1. Boluntarioen eginbeharrak: Txaleko bereizgarriak jantzita, merkataritza-gunean sartzen direnei elikagaiak nola eman zein “laguntza- bonua”-ren inguruko informazioa emango dute, nahi duenak supermerkatuko kutxan dohaintza egiteko aukera izan dezan.
  2. Jasoketa sistema mixtoa (elikagaiak eta bonoak) izango da Elgoibarko Mercadona, BM, Eroski bietan eta aurten lehenengoz Alcampo-n.
  3. Adingabeen parte hartzea: Elgoibarren, 2014 urtetik hona, adingabeekin batera parte har daiteke elikagaiak batzeko kanpainetan, gazteak balioetan hezteko helburuarekin.
  4. Adingabeek parte hartu ahal izan dezaten, ezinbestean, pertsona heldu baten ardurapean egon beharko dute. Nolanahi ere, neska-mutikoak boluntario gisa izena eman beharko dute, gainerako boluntarioei bezala, asegurua egin diezaieten.