Espainiako selekzioko hautatzaile Ambros Martinek 35 jokalariz osatutako aurre zerrenda osatu du, eta hortik aukeratuko ditu Europako Txapelketa jokatuko duten 18 jokalariak. Aurre zerrenda horretan, June Loidi da ezker hegaleko postuan jokatzeko aukeratuetako bat. Bera Bera laga eta gero Xixongo La Calzada taldean jokatzen ari da elgoibartarra, eta Espainiako selekzioaren deia jaso du berriro ere. Behe mailetan internazionala izan ostean, Loidik Guerreras moduan ezaguna den senior mailako selekzioarekin ere jokatu zuen, eta Mediterraneoko Jokoak irabazi zituen 2022an.
Espainiako taldeak maila kaxkarra eman zuen Parisko Joko Olinpikoetan eta puntu bakar bat ere lortu gabe joan ziren Jokoetatik. Hala, ziklo berria hasi du taldeak eta jokalari berriak deitu dituzte selekziora.
Espainiak Suitzako Basilea hirian jokatuko du Europako Txapelketako lehen partida, azaroaren 28an, Portugalen aurka. Bigarren partidan Frantzia izango du aurkari, abenduaren 1ean; eta, Poloniaren aurka itxiko du lehen fasea, abenduaren 2an. Sailkatuz gero, Hungariako Debrecen hirian jokatuko dute hurrengo fasea. Finala Vienan jokatuko da abenduaren 15ean.