"Zer nolako ardura dute tokiko komunikabideek hizkuntza biziberritzeko prozesuan? Nola lor dezakete euskarazko tokiko komunikabideek informazio lokalaren esparruan gailentzea?". Galdera horiei eta beste hainbati erantzuten ahaleginduko da Jon Sarasua, azaroaren 12an (martitzena), Elgoibarren emango duen hitzaldian.
Sarasuak esana du bere ustez komunikabideen arloa eta bereziki tokikoena dela hizkuntzaren biziberritzean jauzia emateko aukeran ikusten duen lau esparru estrategikoetako bat. Hain zuzen, baieztapen horren inguruko xehetasunak eta azalpenak ematera dator Euskararen Gogoetagunea-ko koordinatzaile eta euskal pentsalari ezaguna.
Hitzaldia Debabarreneko Komunikazio Taldeak antolatu du eta izenburuak dioen moduan, tokiko komunikabideen etorkizuneko estrategien inguruan hausnartzea du helburu.
Hitzaldia azaroaren 12an egingo da, 18:30ean, Aita Agirre kulturguneko aretoan. Sarrera irekia izango da nahi duenarentzako.