Larrialdi-zerbitzu iraunkorra berreskuratzeko eskaera kalera eraman dute berriro

Barren 2024ko urr. 30a, 14:00

Elgoibarko 24/7 Plataformak, anbulatorioko larrialdi-zerbitzu iraunkorra berreskuratzea eskatzeko mobilizazioei ekin die berriro, udako geldialdiaren ondoren.

Anbulatorio aurrean elkartu dira eguerdian. Plataformako kideek EAEko Osasun Inkestan argitaratutako zenbait datu eman dituzte, osasun arloan egoerak hobera baino okerrera egin duela adierazteko. Inkestako bi ondorio kezkagarriak direla iruditzen zaie. "Batetik, Osakidetzako erabiltzaileek zerbitzuan duten konfiantza galdu egin dute, eta horren ondorioz, lehena halako bi igo da pribatizazioa azken urteetan. Ildo beretik, 2018tik aurrera %19ko hazkundea eduki dute aseguru pribatuek. Eta, bestetik, osasun zerbitzuetako erabiltzaileen arteko arrakala handitzen ari dela zen beste ondorioa, generoaren araberakoa zein maila sozioekonomikoak sortutako arrakala. Eta hori Euskadin Osasunean egiten den inbertsioa estatuko altuenetarikoa izanik, baina inbertsio horren emaitza eta jasotzen dugun arreta ez dira Estatuko altuenak", adierazi dute, kudeaketaren eraginkortasuna zalantzan jarriz.

Lehen arreta egoera prekarioan eta azken lerroan dagoela salatu dute, mediku faltagatik edota larrialdietako zerbitzuak kendu dituztelako. Gainera, azaldu dutenez, laguntza-zerbitzu soila baino gehiago izan behar da lehen arreta. "Medikuen jarraipena egin behar da, eta egonkortasun handiagoa behar dute horiek. Ebidentzia zientifikoen arabera familiako mediku bera 15 urte baino gehiagoz edukitzeak biztanleriaren hilkortasuna % 25 murrizten du; eta, aldiz, bi edo hiru urtean behin medikuz aldatzen dutenen hilkortasuna %8 bakarrik murrizten da".

Eusko Jaurlaritza eta eragile politiko, sindikal eta sozial ugari adosten ari diren osasun arloko ituna ere hizpide izan dute elkarretaratzean. "Pradales Lehendakariak onartu ditu Osakidetzak dituen arazoak, baina osasun mahaian ordezkari bat falta da, gu, ez herrietako plataformak ez eta plataformen federazioa ordezkatzeke baigaude. Eta bien bitartean, gure arretarako zerbitzuak itxita jarraitzen du", esan dute.