Aparkalekuentzako araudi berria 30 egunez egongo da jendaurrean, herritarrek eta erakundeek beren ekarpenak edo iradokizunak aurkeztu ditzaten. Iradokizunak posta elektronikoz bidali ahal izango dira partaidetza@elgoibar.eus helbidera, edo aurrez aurre entregatu Herritarren Harretarako Zerbitzuan (HAZ), Santa Ana kaleko 2. zenbakian. Jendaurrean jartzeko epea amaitzean, araudia behin betiko onartuko dute. Udalak aurreikusten du ordenantza berria urtea amaitu baino lehen sartuko dela indarrean.
Udaletik zehaztu dutenez, araudiaren helburu nagusia da udalerriko zonaldeetan aparkatzeko eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka hobetzea, erregulazioa bide-egituran eta aparkalekuetan egin berri diren aldaketetara egokituz.
Doakoa izaten jarraituko du
Udalak 2007ko martxoan onartu zuen orain indarrean dagoen ordenantza, eta aldaketa batzuk egin zizkion 2010ean, arau-hausteen eta zehapenen tipifikazioa eguneratzeko. Indarrean dagoen araudiarekin doakoak dira Elgoibarko aparkaleku publikoak eta hala izaten jarraituko dute ordenantza berriarekin ere.
Berritasun nagusiak
Berrikuntza nagusien artean, Txarridunako biribilgunean eta Uparitzaga kalearen hasieran sortu duten 15 minutuko egonaldi laburreko gune berri bat nabarmendu behar da. Era berean, araututako eremua handitu dute Bernardo Ezenarro kalean, anbulatorio alboko aldapan dauden aparkalekuak ere TAO sistemarekin funtzionatuko baitute aurrerantzean. Modu berean, Ziziliongo aparkalekuaren goiko aldea ere TAO eremua izatera pasako da. Iraupen luzeko zonetan (Deba kalea eta Zizilion) ordutegia da aldatu dutena: 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara ordenantza berriak jasotzen duenez. Horietan, egunean 4 orduko tiketa atera ahal izango da.
TAO sistemak sei gune erregulatuko ditu guztira, eta horiek ordutegi eta baldintza espezifikoen mende egongo dira. Hiru aparkaleku mota zehaztu dituzte, aparkatzeko baimendutako gehieneko denboraren arabera:
- mota: 15 minutu.
- mota: 1 ordu eta 30 minutu.
- mota: 4 ordu.
Araututako eremuak araudiari erantsitako planoetan zehazten dira, eta honela banatuta daude:
- A 1: Maalako biribilgunea (15 minutu).
- B 1: Antonio Arrillaga / San Ignazio / Ubitarte (1 ordu eta 30 minutu).
- B 2: Aita Agirre (1 ordu eta 30 minutu).
- B 3: Bernardo Ezenarro (1 ordu eta 30 minutu).
- B 4: Uparitzaga (1 ordu eta 30 minutu).
- C 1: Zizilion (4 ordu).
- C 2: Deba kalea (4 ordu).
Ordutegia: TAO sistema astelehenetik larunbatera aplikatuko da, domeka eta jaiegunetan ordea, ez. Funtzionamendu-ordutegiak honako hauek izango dira:
- A aldea 1 (15 minutu): astelehenetik ostiralera, 9: 00etatik 20: 00etara; larunbatetan, 9: 00etatik 13: 00etara.
- B 1 – B 4 guneak (1 ordu eta 30 minutu): astelehenetik ostiralera, 9: 00etatik 13: 00etara eta 16: 00etatik 20: 00etara; larunbatetan, 9: 00etatik 13: 00etara.
- C 1 – C 2 guneak (4 ordu): astelehenetik ostiralera, 9: 00etatik 13: 00etara eta 16: 00etatik 20: 00etara; larunbatetan, 9: 00etatik 13: 00etara.