Poltsikoko hiztegi eleanitza argitaratu dute, eguneroko adierazpenak euskaraz eta beste zortzi hizkuntzatan ezagutzeko

Barren 2024ko urr. 29a, 14:33

Debabarrena eskualdeko lau herritako udalek (Elgoibar, Eibar, Soraluze eta Deba) elkarlanean sortu dute poltsikoko hiztegi eleanitza.

Jakinarazi dutenez, euskararen erabilera bultzatzeko eta herriotan bizi diren hizkuntza komunitateen integrazioa errazteko sortu dute poltsikoko hiztegia. Ohiko 200 berba eta esamolde baino gehiago jaso dituzte hiztegian, bederatzi hizkuntzatara itzuliak: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, portugesa, arabiera (ahoskera gidarekin), urdu (ahoskera gidarekin), wolof eta errumaniera.

Ataletan banatuta dago hiztegia: agurrak, helbideak, garraioak, otorduak eta dirua, besteak beste. Helburua, euskararen presentzia indartzea ez ezik, beste hizkuntza batzuk hitz egiten dituztenei adierazpen arruntenak ezagutzen laguntzea ere badela jakinarazi dute, bizikidetza eta elkar ulertzea bultzatzeko. "Ekimen honek inguruko hizkuntza-aniztasun gero eta handiagoari erantzuten dio eta kulturen arteko zubia izan nahi du, hizkuntzaren bidez errespetua eta ulermena sustatuz", azaldu dute.

Deban hainbat tokitan eskuratu daiteke hiztegia: udaletxeko arreta bulegoan, udal liburutegian, ikastetxeetan, Gizarte Zerbitzuetan, EPAn, Gurutze Gorrian, euskaltegian…

  • Hiztegia (digitalean) hemen.