Gure natura ezagutzen egitasmoko antolatzaileek antolatu zuten haziak eta perretxikoak batu eta ezagutzeko irteera; eta, gainera, Morkaiko taldeak herriko ikastetxeekin elkarlanean antolatzen dituen irteeretan denboraldiko lehendabizikoa izan zen.
Aurreko egunetan euria erruz bota duen arren, ateri egin zuen domeka goizean, eta ez zuten eguraldiaren aitzakiarik eduki. Maalako parkean elkartu eta gero, oinez joan ziren Morterika ingururaino. Han, perretxikoak eta haziak batzen aritu ziren pare bat orduz. Bidean ikusten eta batzen zutenari buruzko azalpenak ere eman zizkieten adituek, biologian doktorea den Oihana Barrutiak eta Aranzadi Zientzia elkarteko kide Unai Fernandezek.
Batu zituzten haziak eta perretxikoak Herri Eskolako patiora eraman zituzten, batutakoaren analisia egiteko. Haziekin hazi-bonbak prestatu zituzten. Buztin eta konpostez osatutako bolak dira hazi bonbak, barruan haziak gordetzen dituzte eta edozein lur edo eremuetan ernaltzea ahalbidetzen dute. Izan ere, buztina lehortzen uzten denez, hazia denbora luzez manten daiteke bertan eta edonork eskura ditzakeen material merkeak erabiltzen dira bonba horiek egiteko. Japonian du jatorria antzinako teknika honek. Han duela mende asko hasi ziren erabiltzen, lur zabalak landatzeko.
Morkaiko mendi taldeak herriko ikastetxeekin batera antolatzen dituen mendi irteeretan hurrengoa azaroaren 24an egingo dute, Elosu, Polpol eta Irukurutzeta artean.