Ura Bere Bidean kontzertuan parte hartuko duzu. Zer da kontzertu horretako parte izatea?
Emanaldi jendetsua da, eta entzuleak gainera jarrera oso aktiboarekin etortzen dira kontzertura, dena ematera. Orkestrek ematen dituzten kontzertuekin alderatuta, oso desberdina da testuingurua. Normalean areto txikiagoetan jotzen dugu, isiltasunean, jende gutxiren aurrean, argi gutxiagorekin... Hau desberdina da guztiz. Oholtza gaineko kokapena sekulakoa da, eta bakoitza bere aurikularrekin egoten gara. Badauka xarma berezi bat, eta bereziena da publikoaren berotasuna izugarri sentitzen dela. 12.000 pertsonaren aurrean jotzen dugu, eta hori sekulakoa da. Txaloka hasten direnean edo denek batera kantatzen dutenean 12.000 dira, eta zirrara handia sortzen du. Baina orkestren emanaldien egutegian, beste bat gehiago da.
Aste honetan, jakina, oso presente daukat eta horretarako lanean ari naiz, baina orkestrek Euskal Herrian programazio egonkorra daukate eta hor barruan lanean gabiltzanok askotan izaten ditugu bi kontzertu astean, eta kasu batzuetan, bost kontzertu ere jo ditzakegu aste berean.
Emanaldiak bata bestearen atzetik pilatzen zaizkigu, eta kontzertu handiak asko izaten dira, nahiz eta ez diren hau bezain jendetsuak. Baina bai, kontzertu freskoa da, eta guri ere gustatzen zaigu. Kontzertu amaieran orkestra aurkezten dutenean, jendeak nola erantzuten duen ikustea sekulakoa da; ez gaude oso ohituta horrelakoetara. Momentu horien ostean askotan jarri naiz pentsatzera adibidez Bruce Springsteen moduko artistetan; neurri horretako artistek nola lortzen duten iparrik ez galtzea eta hankak lurrean edukitzea halakoen aurrean. Publikoaren entrega horrek gorputzean eta burmuinean sortzen dituen erreakzio kimikoek guztiz desorekatzen dute gorputza. Euforia handia sentitzen duzu, ezin duzu ondo lo egin eta horrek guztiak eragina dauka osasunean.
Euskal musikagintzako abesti ezagunenetarikoak, Bilboko orkestrarekin. Estilo horretako fusioak gustuko ditu jendeak.
Abesti ezagunak dira bai, baina guretzat. Kontuan hartu behar da orkestrako musikari asko atzerritarrak direla eta haientzat ez direla hain ezagunak. Haiek ere harrituta geratzen dira ikustean zer nolako berotasunarekin egiten digun harrera publikoak, nola kantatzen duten denek batera... Formatoa oso potentea da. Fernando Velazquezek prestatu ditu abesti guztiak orkestrarekin jotzeko eta berak zuzentzen du emanaldia. Azkenaldian filmetako soinu bandak ere egiten ditu eta film ezagunetan hartu du parte. Nik uste dut Ken Zazpi taldearekin hasi zuela ibilbide hau. Ken Zazpik atera zuen disko bat Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, sekulako diskoa nire ustez, eta bira ere egin zuten. Ikusita ondo funtzionatu zuela, beste abeslari batzuekin ere hasi zen lanean, Izarorekin, Idoiarekin..., eta pandemia ostean sortu zuten Ura Bere Bidean jaialdia. Lehenengo edizioa Miribillan izan zen, eta geroztik BECen egiten da. Fenomeno bat bilakatu da. Iaz entsegurako sarrerak ere saldu zituzten, eta aurten bi kontzertu izango dira, bi egunetan. Sarrerak berehala agortu ziren gainera. Ni lehenengo ediziotik nago jaialdian, hasieran orkestrak berak kontratatuta eta orain jaialdiko antolakuntzak zuzenean kontratatuta.
Nola prestatzen zara kontzerturako?
90 bat musikari egongo gara oholtzan, eta nik perkusioa joko dut. Zortzi bat perkusionista egongo gara. Orkestra oso hierarkikoa da, eta rolak oso ondo banatuta daude. Perkusionisten solista da gure arduraduna, eta bere lana sekzioak ondo funtzionatzea da. Berak erabakitzen du zeini deitu jotzera joateko eta musikari bakoitzari zein instrumentu esleitu. Nik xilofonoa eta metalofonoa joko ditut, besteak beste. Nire kontura prestatuko ditut nire atalak, eta entsegu orokorrean joko ditut instrumentuak. Astearte arratsaldeanhasten ditugu entseguak. Asteazkenean goizez joango gara lehenengo eta gero berriz gauez, etaostegunean berdin. Ordu asko dira; gorputzari eskatzen diogu adi egoteko goizean eta gauean, tartean ordu gutxi batzuk deskantsatuta. Igandera oso nekatuta iritsiko gara, aje moduko batekin, baina pozik, lana ondo egindako sentsazioarekin.Oro har, ez gara gizarte alai batean bizi, eta kontzertuan behintzat jendeak tristurak ahaztea lortzen dugu; poza ematen du horrek. Musikaren helburuetako bat horixe da hain justu: jendearengan sentimendu positiboak eragitea.
Gero eta talde gehiago dira urtebeteko aurretiaz jartzen dituztenak salgai kontzertuetarako sarrerak. Zer iritzi duzu horren inguruan?
Eskaintza kulturala inoiz baino zabalagoa da gaur egun, eta eskaintza horren barruan lekua egitea ez da erraza. Ulertzen dut kontsumitzaileen ikuspuntutik izan daitekeela deserosoa hainbesteko aurrerapenarekin planak egin behar izatea, baina musikariontzako epe luzerako lana ziurtatzeko modua da. Sektore honetan lan baldintza gogorrak ditugu, eta apur bat duinagoak izan daitezke modu horretan.