Xabin Fernandez: “GIBari errespetua eduki behar zaio baina zorionez, gaur egun bizitza normala egin daiteke”

Barren 2024ko urr. 25a, 15:41

2013an jakin zuen Xabin Fernandezek (Legorreta, 1985) seropositiboa zela, eta hamar urtez isilean egon ondoren, iazko martxoan publiko egitea erabaki zuen. Eta behin kontatzen hasita, gidoia sortu eta bere istorioa oholtzara eramateko prestatu zuen. Kanpora sartzen izena jarri zion obrari, birusaren kaiolatik irten eta lagunartean sartzen ari delako berriz ere. Istorio dramatikoa da, baina umorez kontatzen du. Aitziber Garmendiak zuzendu du obra Sara Cozarren laguntzarekin, eta oholtzan Xabin bera ageri da, Intza Alkainekin. Domekan Elgoibarren izango dira, 12:30ean, Aita Agirre kulturgunean.

Medikuaren dei bat jaso zenuen GIB birusa zeneukala esanez. Nola gogoratzen duzu une hura?
2013ko martxoaren 11n jaso nuen dei madarikatu batean dauka oinarria obrak. Odol emaileetara joan nintzen odola ematera eta handik egun batzuetara deitu zidan medikuak GIB-a nire odolean zegoela esateko. Ordutik hamarkada nahiko iluna bizi izan dut, bere argi tarteekin, baina ezkutuan egon naiz eta informazio hori isilean izan dut. Hamar urteren ondoren erabaki nuen kontatzea. Beti izan dut buruan kontatzea, baina erreminta gutxi nituen eta ausardia falta zitzaidan. Denbora behar izan dut dena ondo lantzeko, eta azkenean antzerki obra iruditu zitzaidan hau kontatzeko modurik aproposena. Kaiola batean egon naiz hamar urtez, eta kaiola hori oso presente dago obra guztian. Azken batean, kaiolaren, birusaren eta nire arteko harremana kontatzen dugu.

Beldurra, lotsa eta errua sentitu zenituela aipatu izan duzu. Hamar urteren ondoren, nola eboluzionatu dute sentimendu horiek?
Nik uste dut jarraitzen dutela hor sentimendu horiek. Ezin dut esan nire egoera erabat aldatu denik, baina asko arindu da pisua. Errua zen niretzat pisutsuena. Badaude gaixotasun batzuk erruarekin asko lotzen direnak. Adibidez, gripe bat daukagunean sarri entzuten dugu ipurdi bistan ibiliko ginela edo biriketako minbizia duen bati esaten zaio erretzaile izateagatik etorri zaiola. Gaixotasun honek ere badauka erruaren karga. Atzetik daukan mezua nolabait bada zerbait egingo genuela, ez dela zerutik etortzen, eta gainera hemen sartzen da zikinkeria, sexua eta droga, bereziki. Erruarena oso barruan izan dut, eta hau guztia barkamen prozesu bat ere izan dela esango nuke. Nire buruarekin asko hitz egin dut, eta erruaren sentimendua kudeatu behar izan dut. Lotsa eta beldurra gehiago da inguruarekiko, behin aurpegia eman ondoren etorriko denaren beldurra eta sentiaraziko dizun lotsa.

Euskal Herrian elkarte asko dago gai honen inguruan laguntzeko. Zuk jo al zenuen horietakoren batera laguntza eske?
Ez nuen inora jo; hobe bai, laguntza eskatu izan banu. Lehenengo gauza orduko bikotekideari kontatzea izan zen. Negarrez eta drama betean deitu nion, ezagutzen nituen kasuak heriotzarekin oso lotuak zeudelako eta oso beltzak zirelako. Zorionez bera garbi zegoen, eta horrek eman zidan lasaitasun apur bat. Eta ez nuen askoz gehiago egin, ez nuen ausardiarik izan terapeutarengana edo elkarteren batera jotzeko. Eta hemendik nabarmendu nahi dut elkarteek egiten duten lana. Sekulako zortea daukagu. Oiartzungo Ardi Beltza elkartea ezagutzen dut. Hamar urteren ondoren izan dut beraiekin hitz egiteko ausardia, eta oso ondo etorri zait. Talde terapia egin dut beraiekin eta beste esperientzia batzuk ezagutzeko aukera ere izan dut beraiei esker. Horrelako egoeraren bat bizitzen ari den edonori gomendatzen diot elkarte horietakoren batera jotzea eta nik izan ez nuen ausardia izatea.

Hamar urtez isilean egotetik kontatzera pasatu zinen, oholtzara igota gainera. Ezin esan ausarta izan ez zinenik.
Ausarta ez dakit izan nintzen, baina apur bat pornografikoa badela pentsatu izan dut. Sentitzen nuen kontatu behar nuela. Badirudi inguruan ez dagoela inor nire egoera berean; badirudi ez dagoela inor infektatuta eta egoera hau Estatu Batuetan bakarrik gertatzen dela, edo Madrilen eta hiri handietan bestela. Baina errealitatea oso bestelakoa da, eta hori kontatu nahi nuen, euskaraz. Gai honen atzean mamu asko daude, eta beldurra dago oraindik. Entzute hutsak ikara ematen du. Baina nik egungo egoerara ekarri nahi nuen gaia, zorionez gauzak asko aldatu direlako. Birusari errespetua eduki behar diogu oraindik, baina jendeak jakin behar du gaur egun bizi gaitezkeela birusarekin, bizitza normala eginez. Zorionez, oso pribilejiatuak gara hemen, eta bitarteko asko daude birusari aurre egiteko. Helburu nagusia hori zen: gaiaren eguneraketa egitea.

Gai tragikoa da, baina umorez kontatzen duzu. Nola hartzen du hori ikusleak?
Umorea sartzearena ez dakit nigatik egin dudan edo inguruagatik. Nire familiakoentzat eta lagunentzat ere oso gogorra izan da hau guztia, eta oso presente izan ditut guztiak. Nire gurasoek meritu handia dute. Amari esan nion kontatzeko unea iritsi zela, baina modu polit batean egingo genuela. Hortik etorri zen umorea sartzearen ideia, eta baita ere, egungo egoera ez delako hain beltza. Baina ez da dena umorea, eta batzuek negar ere egiten dute. Kontraste handiko obra da. Oso pozik gaude ikuslearen harrerarekin. Jendea beldurtuta etortzen da, gaia serioa delako. Tentsio puntu batekin iristen dira antzokira, ez dakitelako zer ikusiko duten, baina gero pozik irteten dira. Guretzako oso polita da jendea aretotik pozik eta lasai irteten ikustea.
Birusarekin harremana izan duen ikusle asko etortzen dira. Behin gerturatu zitzaidan neska bat esanez bere ama seropositiboa zela eta antzerkian negar egin zuela, baina barrez irten zela aretotik. Obraren momentu batean Chimo Bayoren kanta batekin hartzen ditut pilulak, eta esan zidan bere amak ere gauza bera egin zuela antzerkia ikusi ondoren eta barrez aritu zirela. Beste batek ere esan zidan osaba hiesak jota hil zela, baina aitak sekula ez duela ausardiarik izan horri buruz hitz egiteko, eta nire antzerkiaren ostean hitz egin dutela. Horrelakoak entzuteak izugarri betetzen nau. Istorio gogorrak daude, eta ez New Yorken bakarrik; badaude Legorretan, Donostian, Elgoibarren eta beste hainbat lekutan ere. Elgoibarren ere gogor jo zuen gai honek eta seguru badaudela oraindik familiak ez dutenak gai honi buruz hitz egiten. Gaia apur bat normalizatzen laguntzen badiegu, ni pozik. Datorren martxoan bi urte beteko ditu obrak eta esango nuke forma hartzen joan dela. Nik idatzitako lehen obra izan da, eta umetxo bat bezala hasi zen oinez. Elgoibarrera helduaroan iritsiko da.

'Kanpora sartzen' antzezlaneko zuzendaria (Aitziber Garmendia) eta bi aktoreak: Xabin Fernandez eta Intza Alkain.