'Primital prime' komedia musikala emango dute barikuan, Herriko Antzokian

Barren 2024ko urr. 22a, 20:07

“A cappela” abesten duten lau lagunek osatzen dute Primital Brothers taldea, eta Primital prime antzerki musikal umoretsua da euren ikuskizunetako bat.

Urriaren 25ean, barikuan, Elgoibarko Herriko Antzokian taularatuko dute lana, 19:00etan, eta sarrerak salgai daude dagoeneko webgunean: herrikoantzokia.eus. Dena den, Herriko Antzokiko lehiatilan bertan ere eskuratu ahal izango dira sarrerak, egunean bertan. 

Primital Brothers taldekoak aurrez ere izanak dira Elgoibarren, Yllana konpainiarekin elkarlanean ekoitzi zuten The Primitals lanarekin. 2018an eman zuten Elgoibarko Herriko Antzokian, eta lan horrekin musikal onenaren saria jaso zuten 2019an, Avignon Off nazioarteko antzerki jaialdian, Frantzian. Ikuskizun horrek hiru urte daramatza Madrilgo karteldegian.
Primital prime izeneko antzezlana, berriz, 2022an estreinatu zuten Madrilen, eta harrezgero leku ugaritan antzeztu du 2010etik lanean diharduen taldeak.

Sinopsiak honela dio: Online edukia duen plataforma berri bat merkaturatzear dago, eta marketineko azkar ustekoek lau abeslariko talde bat kontratatzea erabakiko dute. Musika, umorea eta fantasia uztartzen ditu lanak.

Ideia bat egin nahi izanez gero, hona antzezlanaren aurrerapen-bideoa: