Gor-itsutasunaren inguruko sentsibilizazio saioa eman du Sara Crespok Meka ikastetxean

Barren 2024ko urr. 22a, 14:50

Sara Crespo eta Kalish txakur gidaria ikaslez inguratuta. Arg: Meka.

Emakume gor-itsua eta aktibista konprometituta da Sara Crespo. Haur gorren andereñoa eta gaztelaniazko zeinu-hizkuntzako irakaslea izateaz gainera, ‘Sordociega en ruta’ proiektuaren sustatzailea ere bada. Joan den barikuan Meka Lanbide Eskolan izan zen.

Sara Crespo kantabriarrak 45 urte ditu eta Usher sindromearekin jaio zen. Gaixotasun genetiko hori ez da oso ohikoa, eta entzumen- eta ikusmen- galera progresiboa dakar. Berari 26 urterekin diagnostikatu zioten. Itsu geratuko zela esan zion medikuak bat-batean, eta jakinarazpen hura horren gordin jasotzeagatik depresio sakon batean erori zela dio. Eta, hamasei urte behar izan zituela bizitza aldatu zion egoera berriari buelta eman eta gertatzen zitzaiona onartzeko.

Diagnostikoa jaso eta gero bizimoduz aldatu zuen, lana laga eta Vicente Ferrer Fundazioarekin lankidetzan hasi zen. Lau urtez aritu zen Indiako haur gorrekin lanean, boluntario gisa lehenik eta nazioarteko kooperante moduan gero. Gaur egun, Espainian barrena dabil, ‘Sordociega en ruta’ proiektuarekin, gor-itsuei ikusgarritasuna eman nahian. Autokarabana batean bidaiatzen dihardu, Kalish txakur gidariarekin eta txofer baten laguntzarekin. 2023. urte bukaeran hasi zuen proiektu honek bi helburu ditu: pertsona gor-itsuen egoera ezagutzeko eta enpatia sortzeko hitzaldiak eta tailerrak eskaintzea, eta beste pertsona gor-itsuekin harremanetan jartzea, haien gaitasunei eta ekarpenei balioa emanez, beren kabuz moldatzera eta beren erabakiak hartzera motibatuz. Proiektu autofinantzatua da, eta dohaintza bat eginez lagundu daiteke.

Joan den barikuan Elgoibarko Meka ikastetxean egin zuen geldialdia Cresporen autokarabanak. 
Lanbide Heziketako zentrotik jakinarazi dutenez, martxan duten Komunikazio Bitartekotza ziklo berriaren baitan etorri zen bisitan Sara Crespo. "Pertsona gor-itsuen inguruko tailerra egin genuen lehenik, eta bere bizipenak partekatu zizkigun ondoren. Jarduera oso interesgarria izan zen eta asko ikasi genuen", azaldu dute. Hiru orduz egon zen ikasleekin eta hainbat ariketa egin zituzten pertsona itsuen zein gorren eguneroko ozpopo eta bizipenak ulertzeko.

*Argazkiak: Meka eta Javier Albiñana.

Elgoibarren eginiko saioko hainbat irudi Instagrameko bere kontuan sareratu ditu Sara Crespok.

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de @sordociega_en_ruta