Jone Arriola elgoibartarraren 'Dena asmatuta dago' filmak irabazi du Lekeitioko Euskal Zine Bilerako sari nagusia

Barren 2024ko urr. 21a, 16:59

Jone Arriola 'Dena Asmatuta dago' filmeko kartelarekin Herriko Antzokiaren kanpoaldean. Arg: Gorka Rubio / FOKU

Hogei lan lehiatu dira Euskal Zine Bilerako sail ofizialean, eta Jone Arrioaren 'Dena asmatuta dago' filmak eskuratu ditu Urrezko Antzara eta 3.000 euroko saria.

Euskarazko ikus-entzunezkoei lekua egiteko asmoarekin sortu zuten Lekeition Euskal Zine Bilera, eta 47. aldia izan dute aurtengoa. Urriaren 21ean hasi zuten eta gaur amaitu da. Euskal Zine Bilerako koordinatzaile Xabier Arrateren berbetan, jaialdiaren sortzaileek "begirada gazte bat izanez" sortu zuten Euskal Zine Bilera, eta gaztetasun eta "irrika" horri jarraituz antolatu dute aurtengo aldia ere. Hori dela-eta leku berezia egin nahi izan diote sortzaile gazteak erakartzeari eta hezteari. "Zinemagintzan lehenengo pausoak emateko aukerak eskaini nahi dizkiegu", adierazi zuen Arratek. Eta, hain justu, horixe bera bistaratu da jaialdiko sari nagusiari erreparatuta ere: Jone Arriola Lobetek (Elgoibar, 1998) irabazi du Euskal Zine Bileraren Urrezko Antzara, Dena asmatuta dago filmagatik.

Film "organikoa, naturala eta, batez ere, freskoa” 

Ainara Elgoibar zinegileak, Martxelo Rubio aktoreak eta Nerea Ibarzabal bertsolariak egin dituzte epaile lanak, eta Jone Arriolaren lana “organikoa, naturala eta, batez ere, freskoa”  dela azpimarrau dute. Xanti Agirrezabala eta Jon Ander Urresti aktoreen lana ere goraipatu dute, uneoro “egon beharreko tokian" daudela-eta. "Gidoirik gabekoa dirudien elkarrizketa sinesgarri eta samurra aurkezten zaigu, eta aktoreen eta zuzendariaren arteko kohesio eta aurretiazko lan handia eskatzen du horrek", adierazi du epaimahaiak. Istorioak bainuontzi bat du agertoki nagusia, eta bertan izaten diren elkarrizketek ardazten dute, batik bat. Hain zuzen, epaimahaiak iradoki duenez, halako espazio txiki batean "asko kabitzen dela" erakusten du Arriolaren lanak.

  • PALMARESA ikusgai: Epaimahaiak bost sari banatze ditu Euskal Zine Bileran, eta palmaresa osatu duten bost lan sarituak ikusteko aukera izango da gaur (urriak 21) www.zinebilera.eus web orrian.

Jone Arriola saria jasotzen. Ekitaldiko argazki gehiago: Hitza-n

Arriolaren bi film, sail ofizialean

Saria eskuratu duen 'Dena asmatuta dago' film laburraz gainera, Arriolaren beste film bat ere aukeratua zuten sail ofizialerako, Hor Konpon izenekoa. Rita eta Berta lapurren inguruko istorioa kontatzen du filmak. Auto gorri zahar batean bidaia hasiko dute bi lagunek, eta bazterrak nahastuko dituzte bidean, beren egunerokoan topatzen ez duten adrenalina horren bila. Hamalau minutuko iraupena du film laburrak eta estreinakoz Lekeitioko Euskal Zine Bileran proiektatu dute, euskara hutsez egiten den zinema jaialdiarik zaharrenean. Urriaren 18an proiektatu zituzten Arriolak ondutako bi filmak Lekeitioko jaialdian. Zine Zuzendaritzako Masterra ikasten egon zen Arriola Bartzelonan, eta han grabatu zuen Hor konpon.

Lotura duten albisteak: