Urriaren 20an hasiko dute ikasturtea 'Aldenik Alden' aisialdi programakoek

Barren 2024ko urr. 16a, 19:53

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako neska-mutilentzako egitasmoa da Elgoibarko Izarraren Aldenik Alden, eta urriaren 20an hasiko dute aurtengo ikasturtea.

Dagoeneko prest dute urriko eta azaroko programazioa, eta zabalik dago urriko ekintzetan izena emateko epea. Aldiz, azaroko ekintzetan izena emateko epea urriaren 28an zabalduko dute.

Urriaren 20an, igandean, Gaba Beltzarekin lotutako tailerra prestatu dute. Bertan, ibilaldi beltzerako beldurrezko apaingarriak sortuko dituzte Elgoibarko kaleak ilun eta beldurgarri lagatzeko helburuarekin. Sortuko dituzten apaingarri horiek urriaren 27an, domeka, ipiniko dituzte kalean. Bi ekintzetan etxera eraman ahal izateko apaingarriak sortzeko aukera ere izango dute partaideek, eta, gainera, mokadutxoa egingo dute elkarrekin.

Atxutxiamaikak LH5-6 bitarteko ikasleei eskaintzen dien programa da Aldenik Alden izenekoa. Programaren oinarriak euskararen erabilera, parte hartzea, hezkidetza eta inklusioa dira eta horiek lantzeko jarduera ezberdinak garatzen dirtuzte umeekin batera.
Oporraldietarako prestatzen duten eskaintzaz gainera, hilabetean bitan antolatzen dituzte programarako ekintzak, normalean, eta erabiltzaileen interesak hartzen dituzte aintzat horiek prestatzerakoan. Horretarako, berbaldi gisa ezagutzen ditugun bilerak egiten dituzte gazteekin eta, tarteka, iritziak jasotzeko saioak egiten dituzte kale ekintza ezberdinetan. Era guztietako ekimenak antolatzen dituzte; egunpasak, arratsalde-pasak, iluntze-pasak edo goiz-pasak, besteak beste.