Baketik Fundazioa eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira Home-Start Gipuzkoa programaren sustatzaileak, eta boluntarioen beharra dute egitasmoa Debabarrena eskualdean ere garatzeko. Asmo horretan antolatu dute programa aurkezteko saioa. 18:30ean hasiko da.
"Helburua da hazkuntza zailtasunen bat duten gurasoen egoera arintzea, euren seme-alabak hobeto zaintzeko aukera izan dezaten. Horretarako, boluntarioen laguntza informal eta ez-profesionala darabilgu, hezteko eta haiekiko harremanak estutzeko gai izan daitezen, horrek haurren ongizateari eta familia osoarenari mesede egin diezaiokeelakoan", azaldu dute Baketik Fundazioko kideek.
Haien berbetan, "adierarik zabalenean" ulertzen dute "familia terminoa", eta adin txikiko seme-alabak dituzten familia guztiak hartu dituzte aintzat proiektuan; hala ere, "familia gurasobakar amadunei leku berezia" eman nahi izan diete.
Azpimarratu dutenez, Home-Start Gipuzkoak doako eta isilpeko laguntza-zerbitzua eskaintzen du haur txikien hazkuntzan eskarmentua duten boluntarioen bitartez; eskarmentua izateak, hain zuzen, familiek etapa horretan izan ohi dituzten zailtasunak errazago ulertzeko eta haienganako enpatia sentitzeko modua ematen die boluntarioei. Bada, Debabarrenean ere boluntarioen beharra dutela ohartarazi dute, eta, horretarako, batzar informatibora batzeko deia egin dute.
Aldi berean, programak lantalde profesional bat ere baduela gaineratu dute, boluntarioei etengabeko laguntza eta aholkularitza eskaintzen dizkiena. Norbaitek programaren berri jakiteko interesa badu, Baketikeko lantaldea prozesuaren nondik norako guztiak esplikatu eta zalantzak argitzeko prest dago. Gainera, programak prestakuntza eta aholkularitza eskaintzen dizkie boluntarioei familiekin lehen aldiz elkartu baino lehen eta harremana irauten duen denbora guztian.
Baketik fundazioak, 15 urte daramatza Mentoretza Sozialeko proiektuak garatzen. Home-Start Gipuzkoa mentoretza proiektu berri bat da, duela hamarkada batzuk Erresuma Batuan sortutako Home-Start programa oinarrian duena, eta bere emaitzengatik Europako Batzordeak Ebidentzian Oinarritutako Programatzat hartzen du. "Urteetan egindako ebaluazioen emaitzei esker, badakigu programak gurasoei ematen dien laguntzak eragin positiboa duela familien eta haurren bizitzan. Hori dela-eta hautatu du programa hau Baketikek, beste behin ere Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, gure lurraldean Home-Start Gipuzkoa izenarekin gauzatzeko". Aurten garatuko den esperientzia pilotua, Europako Next Generation berrikuntza sozialeko proiektuetarako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (BEEP) eta Kutxa Fundazioaren babesarekin gauzatuko dute.