Nestor Basterretxearen mendeurrenaren harira bi ekitaldi antolatu dituzte Makina Erremintaren Museoan

Barren 2024ko urr. 16a, 15:49

Mendea bete da Nestor Basterretxea artista bermeotarra jaio zela. Margolaritzan, eskulturan, zineman, diseinuan eta, orobat, euskal kultura suspertzeko lanean nabarmendu zen Basterretxea, eta haren omenez, hainbat ekintza egiten ari dira Euskal Herrian mendeurrenaren barruan. Elgoibarko Makina Erremintaren Museoa ere batu da Basterretxearen izatea nabarmentzeko ahaleginera, eta bi ekintza antolatu ditu urria-azarorako. 

Hasteko, urriaren 24an (eguena), 18:30ean, Operación H filma proiektatuko dute. Euskadiko Filmategiko Ion Lopezek aurkeztuko du filma, eta artistaren lan zinematografikoaren inguruko hitzaldia emango du. Film berezia da Operación H, Nestor Basterretxearen sormena ondo islatzen duena. 

Fikzio esperimentaleko lan honetan, bere ahalmen sortzailea eta misterio eta intrigako testuinguru batean narrazio bisualarekin jokatzeko bere gaitasuna agerian utzi zituen Basterretxeak. Euskadiko Filmategiak, Tabakalerak eta Donostia Zinemaldiak Nestor Basterretxea omentzeko ekitaldia egin zuten urriaren hasieran. Basterretxearen bizitza eta lanari buruzko dokumental bat eta artistak berak zuzendu zituen lau film labur eman zituzten Tabakalerako zineman. Alquézar. Retablo de Pasión (1966), Pelotari (1964), Operación H (1963) eta Sin título film laburrak eman zituzten.

NB 100 ikus-entzunezko lehiaketa

Basterretxeak zuen "begirada aske eta sortzailea" zabaldu nahi dute gazteengan museoko arduradunek, eta helburu horrekin Begirada sortzaileak -NB 100 ikus-entzunezko lehiaketan parte hartzeko deia ere egin diete 12 eta 16 urte bitarteko gazteei. Astelehenean, urriaren 21ean, zabalduko dute lehiaketan parte hartzeko epea eta azaroaren 18a izango da lanak aurkezteko azken eguna. Aurkeztutako ikus-entzunezko lanek Operación H filma izan beharko dute inspirazio iturri eta Makina Erremintaren Museoko irudiak edota soinuak bildu beharko dituzte. Museoa ezagutzeko beren webgunera jo daiteke (museoa.eus), baina nahi duenak zabalik izango du museoa ere, grabazioak egiteko. Baldintza bat bete beharko du, baina, aurkezten den lanak: Operación H filma ikusi ondoren hausnarketa bat egin beharko da eta Makina Erremintaren Museoan begirada sortzailea nola aplikatu pentsatu. Lanek gutxienez 60 segundu eta gehienez 120 segundu iraun beharko dute. Ikus-entzunezko lanak norberak bere Instagram kontuan partekatu beharko ditu, modu ireki batean. Publikazioaren deskribapenean @memuseoa etiketatu beharko da lehiaketaren sustatzaileek lana ikusi ahal izateko.
Epaimahai aditu batek hiru lan apartatuko ditu aurkeztutako guztietatik eta museoko Instagram-en bidez @memuseoa emango du sarituen berri Informazio gehiagorako: museoa.eus.

Nestor Basterretxeari eta jaio zeneko urtemugari buruzko informazio osoa: nestorbasterretxea100.artium.eus