Elgoibarko 83 etxebizitzatan ipiniko dituzte sute-detektagailuak aurten

Barren 2024ko urr. 16a, 12:58

Suteak prebenitzeko zerbitzua jarri zuen martxan Elgoibarko Udalak duela urte batzuk, eta dagoeneko 351 etxebizitzatan instalatu dituzte sute-detektagailuak. Aurten beste 83tan ipiniko dituzte.

80 urtetik gorako pertsonak bizi diren etxebizitzatan, bakarrik bizi diren lagunak daudenetan edo adin-tarte bereko pertsonekin bizi direnean jartzen dituzte sute-detektagailuak, eta horrelako 83 etxebizitza identifikatu ditu Elgoibarko Udalak aurten. Zerbitzu doakoa da eta baimena ematen dutenetan bakarrik ipintzen dituzte. Udalak zerrenda bat egingo du programa honen onuradun izan daitezkeen pertsonekin. Horiek, gutun bat jasoko dute parte hartzera animatuz eta baimen eske.
 
Programa honen bidez, doako bi zerbitzu eskaintzen dizkiete herritarrei:

  • Suteak prebenitzeko zerbitzua, detektagailuak instalatuta.
  • Larrialdietan ebakuazioa errazteko krokis zehatzak egitea.