Udako hilabeteetan gora egin ohi du langabeziak, baina aldi hori amaitzerako egonkortzeko joera izan ohi du; bada, horrela izan da aurten ere. Debabarreneko iraileko langabezia-tasa %10,18koa izan da. Bakarrik Eibarrek eta Soraluzek gainditzen dute tasa hori, gainontzeko herriak %10etik beherako tasa dute, Debak txikiena, %5,76koa.
Gipuzkoako Lan Behategiak emandako datuen arabera, irailaren amaieran aurreko hilean baino 108 langabe gehiago zeuden erregistratuta Debabarrena eskualdeko enplegu bulegoetan: 2.742tik 2.634ra jaitsi da langabe gisa erregistratutakoen kopurua. Elgoibarren aurreko hilean baino 28 gutxiago zenbatu dituzte eta bi gutxiago Mendaron.
Bi hilabetez jarraian gora egin ostean, langabeziak behera egin du Euskal Autonomia Erkidegoan irailean; aitzitik, Nafarroan hirugarrenez jarraian igo egin da. Guztira, 107.996 langabe daude EAEn; eta, 29.612 langabe, berriz, Nafarroan. Gizarte Segurantzako afiliatuen kopurua milioi bat pertsonatik gorakoa da berriro ere EAEn eta Nafarroak, berriz, 212 afiliatuak galdu ditu azken hilabetean. Guztira, 309.828 pertsona daude Gizarte Segurantzan izena emanda Nafarroan.
EAEn zerbitzuen sektorean jaitsi da batez ere langabezia, aurreko hilabetean baino 3.111 langabe gutxiago (% 3,92) zenbatu baitituzte. Gainerako sektoreetan jaitsiera nabarmen txikiagoa izan da: Industrian, 181 gutxiago (% 1,72); eraikuntzan, 103 gutxiago (% 1,72) eta nekazaritzan, 86 gutxiago (% 4,6).
Iraileko datuak, herriz herri:
- Eibar 1.531 (%12,22)
- Elgoibar 483 (%9,05)
- Mendaro 85 (%8,60)
- Deba 152 (%5,76)
- Mutriku 179 (%6,82)
- Soraluze 204 (%11,67)
- Debabarrena 2.634 (%10,18)
Abuztuko langabezia datuak, herriz-herri:
- Eibar 1.570 langabe (%12,53)
- Elgoibar 511 (%9,58)
- Mendaro 87 (%8,81)
- Deba 180 (%6,82)
- Mutriku 190 (%7,24)
- Soraluze 204 (%11,67)
- Debabarrena 2.742 (%10,60)