Jaio aurreko eta jaioberrien heriotzaz eta doluaz arituko dira gaur Lilan

Barren 2024ko urr. 15a, 10:31

Irudia, Esku Hutsik elkartea.

Haurdunaldian zehar, erditzean edo jaioberritan gertatzen diren heriotzek sortzen duten minari buruzko saioa antolatu du Udalak gaurko, Esku Hutsik elkartearekin batera. Hain zuzen, Jaiotza Inguruko eta Jaioberrien Heriotzaren Nazioarteko Eguna da gaur, urriak 15. 

Solasaldiaren helburua da egoera horiek bizi dituzten familiei laguntzea dolu prozesuan, eta gizartea gai honen inguruan kontzientziatzea. Informazioa emateaz gain, Esku Hutsik elkartekoek laguntza emozionala ere emango diete. 18:00etan izango da saioa, gaztelaniaz, Lilan, Elgoibarko Emakumeen Etxean (King-kong eraikina, San Frantzizko kalea, 21).

  • Saio irekia da, herritar ororentzat eta ez da izenik eman behar.

 

 Jaiotza Inguruko eta Jaioberrien Heriotzaren Nazioarteko Eguna

Gaur, urriak 15, Jaiotza Inguruko eta Jaioberrien Heriotzaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, haurdunaldian edo jaio eta gutxira hil ziren haurrak gogoratzeko eta ohoratzeko eguna. Elgoibarko Udalak Aita Agirre Kulturguneko eta Elgoibarko Udaleko eraikinak more kolorez argiztatu ditu, hildako haurren omenez. "Jaiotza-inguruko eta jaioberrien heriotza gai konplexua eta jorratzeko zaila da, baina garrantzitsua da esperientzia honetan parte hartu dutenentzat laguntza eta sentsibilizazio guneak sortzea", adierazi dute.