Astebete egin dute han, eta bertako toki esanguratsuenak bisitatu dituzte: Erroma, Florentzia, Venezia... Antolatzaileak pozik agertu dira bidaiak eman duenarekin, bai eta partehartzaileak eurak ere.
Duela urtebete aldatu zuten Elgoibarko Jubilatuen Biltokiko zuzendaritza, eta Lurdes Beneitez izendatu zuten lehendakari. Hasieratik adierazi zuen aire freskoa eman nahi ziotela Jubilatuen Biltokiari eta zahartze aktiboa sustatu nahi zutela. Horren adierazle bat gehiago izan da Italiara egin berri duten bidaia. Bi txandatan joan dira: 52 lagun lehenengoan eta 51 bigarrengoan; guztira 103 lagun. Lurdes Beneitez berak azaldu du bidaiek arrakasta handia izaten dutela eta aurreko zuzendaritzakoek antolatu izan zituzten Bretainiarako eta Kroaziarako bidaietan ere jende askok parte hartu zuela. Hala ere, oraingoan marka guztiak hautsi dituzte, izan ere, jendea itxaron zerrendan geratu da. "Italia oso herrialde erakargarria da, eta jende asko animatu da". Taldean bidaiatzeak abantailak dituela iruditzen zaio Beneitezi, eta, uste du askok bakarrik egingo ez luketen bidaia egiteko aukera izan dutela: "Batzuk bakarrik etorri zaizkigu eta normalean bidaiatzera animatzen ez direnak izan dira asko, taldearen babesean gustura ibili direnak. Adin batetik aurrera, jende asko ez da ausartzen horrelako bidaiak egiten, baina denok batera joanda elkar zaindu dugu eta primeran ibili gara".
Astebeteko egonaldia egin dute Italian. Autobusez joan ziren Loiuko aireportura, eta Erromarako hegaldia hartu zuten han. Hiru egun pasatu zituzten Erroman, beste hiru Florentzian eta azken bi egunak Venezian. Etxerako itzulera Veneziako aireportutik egin zuten. Autobus pribatuan mugitu ziren herrialdean zehar, eta uneoro izan zuten turismo arduradun bat azalpenak emateko. Vatikanoa bisitatu zuten, eta baita hango Kapera Sixtinoa ere; Erroman, Koliseoa, Palatinoa eta katakonbak ere bisitatu zituzten, besteak beste. Florentziara bidean, Pisan egin zuten geldialdia hango dorre okerra ikusteko, eta Lucca herria ere bisitatu zuten. Florentzian, ikusi zituzten hango katedral eta toki esanguratsuenak, eta Veneziara bidean San Gimignano eta Siena ikusi zituzten, Sienako Duomoa ere bisitatuz. Venezian pasatu zuten azken eguna, hango kale bitxiak ikusiz, eta nahi zuenak gondolan ibiltzeko aukera ere izan zuen. Romeo eta Julietaren herrian egin zuten azken geldialdia, Veronan, eta handik aireportura joan ziren, etxerako bidea hartzeko.
Pozik itzuli dira bai bidaiariak eta baita antolatzaileak ere. Bidaia "gogorra" izan da, egunero hamar bat kilometro egiten zituztelako oinez. Turistaren bizimodua gogorra dela esan du Beneitezek txantxetan.
Urtebetean zuzendaritzaren martxari hartu diote eskua, eta antolatu dituzten ekintzek harrera ona izan dutela adierazi du. Gastronomia lehiaketa bat bakarrik laga behar izan dute bertan behera, inork ez zuelako izenik eman, baina osterantzean, Elgoibarko jubilatuak oso aktiboak direla uste du. Hilabete honetan adinekoen hilabetea ospatzen ari dira, eta tailer berriak ere antolatu dituzte, esaterako xake edota makrame tailerrak. Domeketako dantza ere berreskuratu dute, eta aurrera segitzeko ideiarik ez zaie falta.