Bakardadean bizi diren adinekoi konpainia egiten dien elkartea da Nagusilan, eta egiteko horren barruan hainbat ekimen antolatzen dituzte. Egoitzetan, Eguneko Zentroetan eta etxeetan ematen dute zerbitzua, eta baita telefonoz ere, Zilarrezko Haria ekimenaren bidez. 2000. urtean sortu zuten ekimena, hautatua ez den bakardadean bizi diren lagunekin hitz egiteko, haiekin egon eta konfiantzazko giro bat eskaintzeko. Ez da aholkularitza edo kontsulta teknikoen zerbitzua, baina saiatzen dira boluntarioen eta deitzaileen arteko konexio puntuak aurkitzen. "Esaterako, pilota gustuko duen deitzaile bati saiatzen gara boluntario pilotazale bat jartzen, pilotaz hitz egin dezaten", azaldu du Joserra Ezenarrok, Elgoibarko Nagusilaneko arduradunak. 113 boluntariok dihardute zeregin honetan, eta Joserra bera da horietako bat. Aurten 25.000 dei inguru atenditu dituzte guztien artean. Dei bakoitzak 15-17 minutuko iraupena izaten du, eta zazpi mila dei baino gehiago jaso dituzte. "Bakarrik bizi diren pertsonei hitz egiteko lagun bat eskaintzen diegu". Boluntarioek ez daukate gutxieneko ordu kopuru bat sartu beharrik, eta norbere aukeren arabera erabaki dezake. Inplikazioa, baina "satisfazio handia" ematen duen zeregina dela azaldu du Ezenarrok. Parte hartzeko 900 713 771 telefonora deitu behar da.
Ekimen honen berri emateko 12 orduko maratoia egingo dute eguen honetan, urriaren 3an, Donostiako Miramar jauregian. Hona egitaraua:
- 09:00 Ateak irekitzea eta dei solidarioen hasiera.
- 10:00-11:30 Ekitaldi instituzionala.
- 11:30-13:00 'Bizikletan adinik ez' ekimena, Kontxako pasealekuan.
- 11:30-11:40 Nagusilanen animazio musikala.
- 11:40-11:55 Hondarribiko San Gabriel egoitzako egoiliarren bisita eta testigantzak.
- 11:55 Nagusilanen animazio musikala.
- 12:05 'Coro de colores' ekimenaren aurkezpena, Goienetxe Fundazioarekin elkarlanean.
- 11:55-12:05 Nagusilanen animazio musikala.
- 12:30-12:50 Nagusilan Arabako boluntarioen esperientzia eta ekimenaren aurkezpena.
- 12:50-13:30 Onda Cero irratiaren zuzeneko emisioa, Miramar jauregitik.
- 12:50-13:15 Adinberriren Hariak estrategiaren gakoak ezagutzeko aurkezpena.
- 13:15-13:30 Zilarrezko Haria tailerra.
- 13:30-15:00 Nagusilanen animazio musikala.
- 15:00-15:30 'Nahi ez den bakardadea' gaiaren inguruan antolatutako kontakizun laburren lehiaketako irabazleen irakurketa.
- 15:30-16:00 Matia Fundazioaren Iza egoitzan burutzen den 'Poesia visual' ekimena.
- 16:00-16:15 Nagusilanen animazio musikala.
- 16:15-16:30 'Bizikletan adinik ez' ekimenaren aurkezpena.
- 16:30-18:00 'Bizikletan adinik ez' ekimena, Kontxako pasealekuan.
- 16:30-17:30 Real Sociedad taldeko kideekin tailerrak, jolasak... Taldeko jokalari beteranoek hartuko dute parte.
- 17:30-17:45 Aurkezpena: 'Bakardadea: osasunerako arrisku faktore garrantzitsua'. J.F. Marti Masso EHUko neurologiako katedradunarekin.
- 17:45-18:00 Zilarrezko Haria tailerra.
- 18:00-18:15 Nagusilan Legazpi taldearen 'Legazpi loratzen' proiektuaren aurkezpena.
- 18:15-18:30 Nagusilan Bizkaiko boluntarioen esperientzia eta ekimenaren aurkezpena.
- 18:30-18:45 Nagusilanen animazio musikala.
- 18:45-19:15 Nagusilan abesbatzaren emanaldia.
- 19:15-19:30 Nagusilan animazio talde guztien baterako emanaldia.
- 19:30-21:00 Nagusilan Donostialdeko boluntarioen topaketa, musikarekin.