San Migel jaien balorazioa "oso ona" dela azaldu du jai batzordeak. Zapatuan egin zuten bazkarian ehun bat lagun elkartu zirela azaldu dute eta umeek "izugarri" gozatu zutela pilotalekuan ipini zituzten puzgarriekin. "Uste genuena baino jende gehiago etorri zen bazkarira, eta badakigu janaria ez zela guztientzat berdin ailegatu. Horregatik, jai batzordetik barkamena eskatzen diegu bazkaltzera igo ziren guztieri", adierazi dute. Egun berean egin zuten afaria are jendetsuagoa izan zen, txartel guztiak saldu eta 216 lagun bildu baitziren. Txarridunako errotondatik abiatzen zen autobusa zerbitzua ere egon zen Aiastiara igo nahi zutenentzako, eta festazaleen kopuruak gora egin zuela igarri zuten afal ondorenean. "Jai giro polita eduki genuen eta jende ugari egon zen Haritz taldekoen saioan, Fan&Go taldearen erromerian zein bolo txapelketan". Halere, alde txarrak ere eduki zituen jende pilaketak. Batzordetik salatu dutenez, Aiastiara joandako batzuek ez dituzte bertoko bizilagunak errespetatu. "Auzotar asko bizi dira pilotaleku inguruan eta zikinkeria ugari topatu dute etxeaurretan. Auzotar baten ate aurrean adibidez, kaka egin zuenik ere egon da".
Agustin Irustari omenaldiak
San Migel Egunean, domekan, egin zuten bazkarira ere lagun ugari batu ziren. Aurten, gainera, Agustin Irusta "Berde" omendu zuten auzoaren eta jaien alde urte luzez egindako lanagatik, "eta ondorengoei auzoarekiko maitasun hori transmititzearren". Makina bat urtean auzoko alkate izan eta aurten hil den Javier Arrizabalaga "Belarreta"ren familiakoen eskutik jaso zuen oroigarria eta lora-sorta Irustak, Arrizabalagaren alaba Mirari eta suhi German Telleriaren eskutik. Javier Ziarda bertsolariaren bertso bat du oroigarri plakak eta Fernando Loiola "Karral"ek abestu zuen omenaldi ekitaldian.
Jai batzordeak eskerrak eman dizkiete jaietan Aiastiara joandako guztiei eta bereziki asteburu osoan "musutruk" lanean aritu diren auzotar denei.
Otarraren zozketa
Produktuz beteriko orgatila baten zozketa egin zuten jaien amaieran, eta 4053 zenbakia izan da saritua. Dagoeneko agertu da jabea, Fernando Loiola, eta jaso du saria (beheko irudian).
Hona hemen San Migel jaietan jokatu dituzten lehia eta demetako emaitzak:
Bolo txapelketa
- Jesus M. Gorosabel 6 txirlo
- Mikel Egia 5
- Sebas Aranzabal 4
- Angel Ibarluzea 4
- Luken Martino 4
Auzoko lehena: Mikel Egia
Idi demetako emaitzak:
- Aitor Aizpurua/Iñaki Irulegi "Belamendi": 52 plaza
- Bixkiak: 47 plaza, 2,54 metro
- Iñaki Lopategi: 22 plaza, 5,57metro
Pelota partidako emaitzak:
Gaztetxoak :
Julen Loiola eta Danel Uria 22
Paul Mekolalde eta Alarik Sagasta 20
Nagusiak:
Amets Alvarez - Antxon Aspiazu 12
Unax Arrizabalaga-Jokin Alvarez 22