Bi kontzertuak Kultur Etxeko Sotoan izango dira, gaurkoa 22:00etan eta barikukoa, 23:00etan hasita. Sarrerak bost euroan jarriko dituzte salgai egunean bertan, aretoko sarreran.
2018. urtean Nafarroan sorturiko pop musika taldea da Ibil bedi, eta Irunberri, Erriberri, Zangoza eta Iruñeko bost lagunek osatzen dute. Hiru disko dituzte argitaratuta. Berandu baina garaiz izan zen euren estreinako lan luzea (2019), eta gero etorri ziren Beltxarga beltza 2021ean, eta Goldea, 2023an. Kultura iraultzeari egiten dio errererentzia azken diskoko izenburuak. "Kulturak funtzionatu behar duela golde batek bezala", zioen Ibai Osinagak Argia agerkariari emandako elkarrizketan, eta zuzenekoez zioen diskoan ez duten beste toki bat hartzen dutela kantuek kontzertuetan. Gehitu guzti horri kontzertua Sotoan izango dela eta Sinuösekoen eskutik, eta kontzertu berezia izateko osagai guztiak ditu.
Gilipojazz, proposamen ezberdin bezain berezia
Madrildik datorren hiruko taldea da Gilipojazz. Iker Garcia (gitarra), Angel Caceres (baxua) eta Pablo Levinek (batera) osatzen dute eta proposamen ezberdin bezain berezia da haiena. Funka, rock progresiboa, metala eta musika klasikoa nahasten dituzte, umore ukitu handia gehituta. Musika instrumentala egiten dute bereziki, baina badituzte kantatutako kantuak ere.