Euskal Raid taldeak seigarren postua lortu du Herbehereetan jokatu duten Europako Txapelketan

Barren 2024ko ira. 25a, 15:04

Europa osoko 110 talde lehiatu ziren asteburuan Valkenburgen (Herbehereak) jokatu zuten Europako Raid Txapelketan, eta seigarren postua lortu zuen Euskal Raid Adventure Team taldeak.

Lau kirolari gipuzkoarrek osatu zuten taldea, tartean Imanol Garaizabal eta Mayi Mujika elgoibartarrek. Aitor Otamendi oñatiarrak eta Beñat Doyhartzabal ibarrarrak osatu zuten laukotea. Raid denboraldi aparta egin du taldeak Europako ligako (Adventure Racing World Series Europe) zortzi probetatik bi irabazita. Danimarkan, Frantzian, Erresuma Batuan, Polonian, Estonian, Finlandian eta Espainian jokatu dituzte aipaturiko zortzi probak eta Espainian jokatutako biak irabazi zituen Euskal Raid taldeak: Pyrene Raid ekainean; eta, Raid Tierra de Cameros irail hasieran. Hala, Herbeereetan jokatu duten finalerako sailkatzea lortu zuten, eta faboritoen multzoan gainera. 

Irailaren 20tik 22ra bitartean jokatu zuten Europako Txapelketa jokoan egon zen Raid Lowlands proba, Valkenburgen hirian, Herbehereak eta Belgika arteko mugan. Imanol Garaizabalek azaldu duenez, probaren zati handiena, dena ez esatearren, Belgikako lurretan jokatu zuten. Gauzak oso ondo hasi ziren euskal taldearentzat, hiriko kale eta parkeetan jokatu zuten atariko proba irabazi baitzuten. Horren ostean, autobusetan sartu zituzten partaide guztiak eta bi orduko bidaiaren ostean sektretupean zuten irteera puntura eraman zituzten. Zapatu goizaldean, 01:00etan, izan zen irteera ofiziala, eta 200 kilometro inguruko ibilbidea osatu behar zuten korrika, mendi bizikletan, igerian eta kayakean. Egun oso bat, 24 ordu, behar izan zituzten proba amaitzeko eta seigarren postuan sailkatu ziren. Frantziako Cap’opale taldeak irabazi zuen raida, 22 ordu eta 36 minutuko denborarekin.

Emaitzarekin pozik dauden arren, postu onagoa lortzeko aukera galdu izanaren pena geratu zaie taldekideei. "Ia proba osoan eutsi genion hirugarren postuari, baina orientazio akats bat euki genuen azken aurreko sekzioan, korrika eta igeria uztartzen zituen swing-run deiturikoan. Proba zaila zen, zehaztasun handia eskatzen zuena, baina gu azkarregi irten ginen eta orientazio akatsa egin genuen. Akats horren ondorioz, hiru taldek hartu ziguten aurrea. Egia da beste taldeen huts egiteegatik ere aurreratuko genituela guk postuak, baina pena horrekin joan ginen, gertu ikusi genuelako podiumera igoteko aukera", azaldu du Garaizabalek. Halere, lasterketa oso ona egin zutela dio eta eman zuten mailarekin beste edozein proba irabaziko luketela uste du, baina talde onenak batzen dira Europako Txapelketan eta akatsek penalizazio handiagoa dute. Azaldu duenez, sasoi betean ailegatu ziren probara, eta fisikoki talde bakarra ikusten zuen euren gainetik, baina orientazioan egon da aldea. "Gure taldean orientazioaren ardura daramana makina bat da, estatuko onenetarikoa da, baina orientazioan gu baino hobeto aritu ziren gure aurretik sailkatutakoak", aitortu du. 
Orientazio lanetarako hango mapak ikusi eta ulertzeko izan zituzten zailtasunek nabarmendu ditu. "Ezberdinak dira herrialde bakoitzeko mapak eta asko kosta zitzaigun Herbeereak eta Belgikako mapetara ohitzea, are gehiago proba gau betean hasi genuelako eta apenas ikusten genituelako mapetako seinaleak eta oharrak". 

Banderen desfilea, ikurrinarekin

Kirol probaz harago, asteburu bete-betea izan da taldekideentzat, hainbat arrazoigatik. Batetik, proba hasi aurretik Vankenburgeko kaleetan barrena egin zuten banderen desfilean parte hartu zutelako gainerako parte hartzaileein batera, eta ikurriñarekin egitea onartu zieten Euskal Raid taldekoei. "Gainera, desfilea irekitzea topatu zitzaigun, kasualitatez, eta momentu oso polita izan zen. Desfilearen ostean elkarrekin afaldu genuen partaide guztiok leku ikusgarri batean, han inguruan dauden kobazulo ikusgarrietako batean". Bestetik, Japoniako Shimano etxearen egoitza (Shimano Experience Center) ondoan bukatzen zen proba, txirrinduzaleentzat paradisua, eta hura ezagutzeko aukera izan dute. Probako antolatzaileek Herbeheeretako Defentsa Ministerioaren laguntza eduki dute antolakuntza lanetarako eta soldaduen presentzia eta erabili zituzten ibilgailuek halako probetan  ikustera ohituta ez dauden "itxura ikusgarria" eman zioten probari Garaizabalen berbetan.