Aiastiako Murkaikupe pilotalekuaren atzean landatuta dagoen Gernikako arbolaren kimuari bisita egin eta gero, Zirardamendirantz jo zuten omenaldi ekitaldian parte hartu zuten lagunek. Zirardamendin hil zituzten soldaduen senideez gainera, hainbat herritarrek eta erakundeetako ordezkarik hartun zuten parte aurtengo omenaldian. Partaideen artean izan ziren Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoko zuzendari Aitor Miñambres, Aitor Esteban Espainiako Kongresuko EAJren bozeramailea, María Eugenia Arrizabalaga EAJko legebiltzarkidea edota Gipuzkoako Foru Aldundiko Politika Fiskaleko zuzendaria den Bittori Zabala elgoibartarra. Elgoibarko Udaleko egungo eta lehengo agintariak ere batu ziren omenaldi ekitaldira, Maialen Gurrutxaga alkatea buru zutela.
Bidean, lau gudari desobiratutako tokian lorak laga eta Zirardamendiko gurutzetxoan beste lore sorta bat laga zuten, han hildako gudarien eta milizianoen omenetan.
1936ko irailaren 25an Arana Goiri batailoiko hamalau euskal gudari hil zituzten Zirardamendiko frontean, Mola jeneralaren tropen kontrako liskarretan: José Txintxurreta, Paulino Beraza, Juan Zabala, Blas Larrazeleta, Ambrosio Etxebarria, Felipe Elorriaga, Sabin Atutxa, Emeterio Llavori, Eusebio Gaubeka, Juan Agirre, Imanol Etxebarria, Marcelino Gandarias, Miguel Palacio eta Félix Arbulu.
Elgoibarko memoria historikoa berreskuratzeko herritarrek sortutako Elgoibar1936 taldeak, Ahaztuen Oroimena Markinaldeko Frentea 1936 taldeak eta Aranzadik elkarlanean desobiratu zituzten 2012. urtean 1936ko gerran Frankoren tropek fusilatu eta auzokoek Zirardamendin ehortzitako lau gudariren arrastoak.