Poza ematen dit Lanbide Heziketak nire herrian mugarriak ezartzen jarraitzen duela jakiteak, eta sekulako maila lortu ondoren, horretan jarraitzeko ahaleginean jarraitzen duela ikusteak. Berriz ere, bere gobernu-organo gorenak (Udalak) gidatutako herriak, 125. urteurrena ospatzen du.
Lanbide Heziketa izan zen nire ikasketen plataforma-giltzarria. Elgoibarko ikastetxe publiko eta pribatu guztietan ikasi nuen, Lanbide Ikaskuntza Eskolan amaitu nituen ikasketak (lehen promoziokoa izan nintzen) eta plataforma horren gainean ekin nion lan eta enpresa munduko nire ibilbideari.
Arte eta Lanbide Eskolaren buru zen Bernardo Ezenarro jardunean ezagutzeko zortea izan nuen. Are, haurra nintzela, haren marrazketa klase batera ere joan nintzen, baina ez nintzen gehiago itzuli, hura ez zela nik nahi nuena sentituta. Gauza bera egin nuen gero solfeoarekin. Edonola ere, historialariek ederki deskribatzen dituzte Bernardo handiaren dohaiak, eta nik horiek denak aitortzen dizkiot, Arte eta Lanbide Eskola izenarekin lanbide ikasketen hasiera bultzatzeagatik. Industrializazio-prozesu azkarrak, baina, une hartako pentsamoldearekin ezkontzen ziren izendapenak behar zituen, eta desagertu zen artearen aipamena izenetik.
Lanbide Heziketari lotutako nire ibilbidean, aurrez beste zenbaitetan egin nuena errepikatzekotan egon nintzen, baina anaia Luisek abiatzear zen Industria Ikaskuntzako Eskola proiektuaren berri eman zidan, eta izena ematea erabaki nuen, ikasketa haiek Señorita Anitaren akademiakoekin uztartuta. Oso nota onarekin gainditu nuen sarrera-azterketa. Dena den, administrazio kontuetan lana lortu bezain laster ikasteari uztea zen nire asmoa, baina, hara non, Amadeo Aizpitartek lideratutako erakunde batekin topo egin nuen. Era guztietako zailtasunak gainditu ondoren, eskolarentzat Hezkuntza Ministerioaren ofizialtasuna lortu eta kalitate bikaineko irakasle-taldea antolatzeko gai izan zen gizona izan zen Amadeo (uste dut herriarentzako egin zuen berebiziko lana aitortuko duen kontakizun historikoa zor diogula).
Nolanahi ere, nire bizitzako une garrantzitsuenetako bat martxoaren 15 batez gertatu zen, Amadeok, zuzendariak, bere bulegora deitu eta jakinarazi zidanean nire izena emango zuela sortu berri zen enpresa bateko bulego teknikoan proiektugilearen laguntzaile izateko. Enpresak Danokbat izena zuen garai hartan, baina handik gutxira Danobat izena hartu zuen, marketin kontuengatik. 1956ko martxoaren 20ko goizez hasi nuen nire historia Danobaten.
Orduz geroztik, bizitzaren paradoxak, LanbideHeziketarekin lotutako gaietan aritu naiz. Lanbide Heziketak hainbat enpresa, zentro teknologiko etabar sortu eta garatu ditu eskualdean, eta Elgoibarren, makina-erremintaren garapena bultzatu duen plataforma izan da. Gaur, Meka eta IMH zentro handiekin, liderra da Elgoibar Lanbide Heziketan. 1989an bere Fundazioa eratu zenetik, IMHk Lanbide Heziketa berritzeko eta eraldatzeko izaera izan du. Aldi berean, ingeniaritza-ikasketak ere sortu zituen 1996an, prestakuntza dualaren modalitatearekin, eta, azkenean, EHUko unibertsitate-campusean sartu da, fabrikazio aurreraturako aparteko prestakuntza-eskaintzarekin.
Errementariek katedraletan egin zituzten arte-lanetatik bere gaitasuna eta inspirazioa sendotzera pasatu da, beraz, Elgoibar Lanbide Heziketarekin, eta makina-erremintaren hiriburu bihurtu da. Eta prozesu historiko hori ikusteko aukera paregabea eta alderaezina eskaintzen digu Elgoibarko Makina Erremintaren Museoak.
Kontakizun hau Lanbide Heziketari buruzko gogoeta filosofiko honekin amaitu nahi nuke. Lehen Hezkuntzarekin batera, herriko eskolarik garrantzitsuena da Lanbide Heziketa; jarduera ugari sortzen ditu eta pertsona askori ematen die lana; teknikari kualifikatuak (gaur egun tailerretako langile guztiak), ekintzaileak eta
autodidaktak sortzen ditu zeintzuek unibertsitate ikasketak dituzten askoren pare lan egiten duten... Eta, gainera, orain badugu Elgoibarren sateliteak ekoizten dituen lehen euskal enpresa, zeinak Elgoibar aukeratu zuen bere egoitza zabaltzeko, aipatutako arrazoi berberengatik.