Elgoibarko Lanbide Heziketaren 125 urteetako kronologia

Barren 2024ko ira. 23a, 10:14

1952-1953 ikasturte amaiera: J. Rementeria, Ladislao Irureta, Javier Arriola , Victor Zabala, Jose Elkoroiribe, Vicente Elkoroiribe, Julen Zabaleta, German Pedrosa.Makurtuta: Vicente Unzilla, Jesus Mari Ansola.

Elgoibarko Udaleko Osoko Bilkurak Lanbide Heziketaren 125. urteurreneko adierazpen instituzionala onartu zuen eguaztenean aho batez. Bertan jaso dute Elgoibarko Lanbide Heziketaren kronologia eta jarraian laburbildu dugu. 

 

  • 1951. urtean, Berrantolaketa Batzordea eratu zen, biztanle eta industriako lan eskariari erantzuteko Lanbide Heziketako Insitutu bat sustatzeko. Hezkuntza Nazionaleko Ministerioak ofizialtasuna emateko beharrezkoak ziren pausuak eman zituzten, Amadeo Aizpitarte zuzendari zela. Hark, ikasketa-plana, etorkizuneko eskolarako behin-behineko araudiak eta patronatu bat sortzea proposatu zuen. 1953ko abuztuan, Lanbide Heziketako Batzorde Zentralak irizpena eman zuen, eta Eskolari “Lanbide Orientazioa eta Heziketa” deitu zitzaion. 
  • 1958. urtean, Eulogio Estarta Ikasketa eskola sortu zen, 25 ikaslerekin, lantegiaren barruko eraikin batean, Nikaxi Andonegi zuzendari zela. 1962an, eskolak Ofizial mailako ikasketetarako baimena lortu zuen. 
  • 1964an, “Lanbide Orientazioa eta Heziketa Eskolak” eraikin berria inauguratu zuen, gaur egun, MEKAko Ezenarro eraikina dagoen tokian, nahiz eta urte batzuk lehenago hasiak ziren klaseak bertan ematen. 1974an, Elgoibarko Lanbide Heziketako Ikastegi Nazionala izatera pasatu zen. 1975ean, Metala eta Automobilaren Mekanika eta Elektrizitatea eskaintzari, Administraritza gehitu zitzaion, Ana Echeverría (señorita Anitaren) eskutik. Horrela, lanbide heziketan, ikasle emakumeen presentzia handitu zen. 1984an, eraikina handitu eta Zenbakizko Kontroleko makinaz hornitutako gela bat martxan jarri zen. 
  • 1986an, IMHren proiektua diseinatzen hasi ziren. 1989an, Makina Erreminta Arloko Heziketa Teknikorako Fundazioa eratu zen, Makina Erremintaren Institutu Esperimentala abian jartzeko, eta 1991/92 ikasturtean martxan jarri ziren Diseinu, Fabrikazio eta Muntaiko eskolak, Jose Rejo zuzendari zela. 1997an, Makina Erremintaren Museoko fundazioa sortu zuten. 
  • 2001ean, enpresetako eskaerak bultzatuta, gune berri baten beharra sortu zen, eta enpresa eta erakundeen laguntzak MEKAren eraikin berria ahalbideratu zuen Albitzuri industriagunean. Bitarte honetan, Lanbide Heziketa Bateratuaren legeak bultzatuta, 2008/09 ikasturtean, MEKA Lanbide Eskola sortu zen ofizialki.
  • 2016an, IMHk, enpresa eta erakundeen laguntzarekin, eraikin eta instalazio berriak inauguratu zituen, Lanbide Heziketako Berrikuntza Aplikatuaren eta Ingeniaritza Dualaren Eskolaren jarduera garatzen jarraitu ahal izateko.

Honen guztiaren ondorioz, Lanbide Heziketako bi eskola ditugu gaur egun Elgoibarren, CIFP MEKA LHII eta CIFP IMH LHII, ikastetxe integratuak direnak. Bi eskola horietan, ondorengo eskolak ematen dira: fabrikazio mekanikoa, instalatze eta mantentze lanak, garraioa eta ibilgailuen mantentze lanak, osasungintza, administrazioa eta kudeaketa, eta gizarte eta kultura zerbitzuak. Guztira, ikasturte bakoitzean, 1.000 ikaslek baino gehiagok dihardute ziklo eta espezializazioetan, eta 2.000tik gora ikasle ari dira lanerako prestakuntzan.