Elgoibarko Udalak omenaldi ekitaldian parte hartzera animatu ditu herritarrak. 11:00etan elkartuko dira Aiastiako Murkaikupe pilotalekuan, eta Zirardamendiraino joango dira handik.
2013an egin zuten estreinakoz omenaldi ekitaldi hau eta urtero egin dute harrezgero, iraileko azken aurreko domekan.
Udalaren hitzetan, soldadu gazte haien "sakrifizioa" gogoan izateko egiten dute omenaldia urtero, memoria historikoa bizirik mantendu eta elkarbizitzarako eta adiskidetzerako bide gisa.
1936ko irailaren 25an Arana Goiri batailoiko hamalau euskal gudari hil zituzten Zirardamendiko frontean, Mola jeneralaren tropen kontrako liskarretan: José Txintxurreta, Paulino Beraza, Juan Zabala, Blas Larrazeleta, Ambrosio Etxebarria, Felipe Elorriaga, Sabin Atutxa, Emeterio Llavori, Eusebio Gaubeka, Juan Agirre, Imanol Etxebarria, Marcelino Gandarias, Miguel Palacio eta Félix Arbulu.
Elgoibarko memoria historikoa berreskuratzeko herritarrek sortutako Elgoibar1936 taldeak, Ahaztuen Oroimena Markinaldeko Frentea 1936 taldeak eta Aranzadik elkarlanean desobiratu zituzten 2012. urtean 1936ko gerran Frankoren tropek fusilatu eta auzokoek Zirardamendin ehortzitako lau gudariren arrastoak.