Antolatzaileen esanetan, antolatu duten zikloaren helburu nagusiak honako hauek dira: bizitzan eta heriotzan oinarritutako pedagogia eskaintzea; sentimenduak, pentsamenduak, beldurrak eta zalantzak adierazteko gune terapeutiko bat eskaintzea eta heriotza bizitzaren parte gisa aurkeztea. Helburu xumeagoak ere bete nahi dituzte, hala nola, egunerokoan erabiltzeko moduko trebetasunak erakustea, galera baten aurrean sufrimendua gutxitzeko eta depresio-egoerei aurre hartzeko gomendioak ematea; eta, norberak bere burua zaintzeko eta autoestimua lantzeko dauden moduak erakustea, adimen emozionala garatzeko eta komunikazioa lantzeko teknika eta irakaspenen bidez.
Irailaren 25ean egingo dute zikloko lehen saioa. “Bizitzari eta heriotzari Begiratzeko Beste Modu Bat” izeneko ikastaroa aurkezteaz gainera, elkar ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Kultur Etxeko hitzaldi gelan izango da, 18:00etan. Gero, astean behin batuko dira, hamar astean, irailaren 4ra bitartean. Eguaztenetan elkartuko dira, bi orduz. Saio guztietara joatea derrigorrezkoa ez den arren, ikastaroa bere osotasunean jarraitzea gomendagarria dela ohartarazi dute antolatzaileek.
Urriaren 2an egingo duten bigarren saioan, mindfulness-a izango da ardatz nagusia. Hirugarren saioan, gorputz-jolas adierazkorra landuko dute eta autoestimua indartzeko teknikak aztertuko dituzte laugarrengoan. Bosgarren saioan, autozaintza izango dute hizpide. Seigarren saioan, dolua eta onarpena izango dira landuko dituzten gaiak. Zazpigarren saioan, barkamenaz arituko dira. Zortzigarrengoan, bizi testamentua aztertuko dute. Bederatzigarren saioan, bizitza ohoratzea izango da ardatz nagusia. Azkenik, hamargarren saioan, saio guztien errepasoa eta balorazioa egingo dute, amaierako ospakizunera ailegatu aurretik.
Saioak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, parte-hartzaileen hizkuntza lehentasunen arabera.
- Izena emateko ondorengo loturan sartu eta datuak eman behar dira, irailaren 23rako. Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan Elgoibarko Udaleko Berdintasun Sailarekin: berdintasuna@elgoibar.eus.