Itxuragatik globo-zunda meteorologiko bat izan zitekeen arren, ziurrena da Elgoibar eta Soraluze arteko zeruan ikusi duten globoa Gordon Bennet Kopan parte hartzen ari diren 21 globoetako bat izatea. Alemaniako Munter hirian aireratu zituzten globoak zapatuan, eta lur hartzen azkenak irabaziko du kopa, airean gehien irauten duenak, alegia. Era honetako munduko txapelketa aintzinakoena omen da, 67. edizioa izan baita aurtengoa. 1906. urtean jokatu zuten estreinakoz lehiaketa hau eta 1995. urteko edizioan lortu zuen probako errekorra urte hartako irabazleak, 3.400 kilometro osatu baitzituzten airean Mexiko Berria (AEB) eta Kanada artean.
Iruñea aldean ere ikusi dute goizean era honetako globo bat, Suitzako matrikuladuna, Diario de Navarra egunkarian jaso dutenez, eta Aiako Harriak mendiaren gainean ere ikusi dute beste bat, Poloniako taldearen globoa, hain justu, egunkari beraren arabera.
Belgikako eta Frantziako bi talde Elgoibartik
Elkarrengandik gertu bidaiatzen ari ziren beste bi globok, Frantziako eta Belgikako taldeenak, Zumaia zeharkatu dute goizean goiz eta Elgoibar parean banatu dituzte euren bideak. Debagoienarantz egin du belgikarren globoak eta Briviesca aldera frantziarrenak. Frantziako beste globo bat Debatik igaro da, Durango aldera egiteko. Anulfo Gonzalez eta Angel Agirre espainiarren globoak Ondarroako zerua gurutzatu du egunsentian, eta unea jasotzen duen bideo bat ere zabaldu dute sareetan, euskal kostaldearen edertasuna goraipatuz.
Gordon Bennet Kopako partaideen ibilbidea zuzenean jarraitu daiteke hemen
Azkarate inguruan pasiaran zebilen herritar batek BARRENi jakinarazi dionez, Irukurutzetatik Karakate aldera zioan globo handi bat ikusi du zeruan, gaur goizean. "Baserritar batek esan dit ia ikusi dudan zeruan zebilen globoa eta hantxe ikusi dut burua altxa dudanean. Laino zurien artean galdu den arte jarraitu diot bidea, Irukurutzetatik Karakaterantz zihoala", azaldu du. Mugikorrarekin atera dizkion bideoa eta argazkiak bidali dizkio BARRENi. Lainoak hartu ditu goizean bailara barrenak eta herrigunetik ezin zitekeen tontorrik ikusi; ahatik, lainoz osatutako itsasoaren gainetik zebiltzanek bakarrik ikusi ahal izan dute globoa. Irukurutzetatik Karakaterantz eraman du haizeak eta Soraluze gainetik igaro da gero. Soraluzearrek hobeto ikusi ahal izan dute globoa plaentxia.eus toki komunikabideak igo dituen bideo eta argazkietan ikus daitekeen moduan. Hona globoa Angel Garcia soraluzearrak bidali dien bideoan: